Etxe turistikoak arautzeko erabakia «berandu» datorrela dio EH Bilduk
Parte Zaharreko turistiko bat iragartzen duen plaka.EH Bildu Donostiako Udal Gobernuak etxe turistikoen lizentziak “muturreraino” murriztuko dituela jakinarazi zuen asteartean. Horren harira, EH Bilduk adierazi du erabakia “berandu” datorrela eta “hankamotz” geratzen dela.
“Komeni da zehaztea ez gaudela neurri berri baten aurrean, horrela ulertarazi nahi izan den arren. Izan ere, urtarrileko osoko bilkuran onartuko dena duela bi urte abiatutako prozesua da; hau da, Donostiako ostatuak mugatzeko HAPO aldaketaren behin betiko onarpena”, azaldu du udal taldeak.
2023ko martxoan, udal gobernuak hotel berriak eta etxe turistikoak baimentzeko luzamendu bat iragarri zuen. Orduan, EH Bilduk iragarri zuen eragileek, herritarrek eta haien udal taldearen presioaren ondorioz hartu zutela erabakia: “EAJk eta PSE-EEk urte luzez arazoa ukatzearekin batera, turismo ereduari egiten zitzaizkion kritikak eta ekarpenak gutxietsi dituzte eta turismoaren industria elikatu dute politika espezifikoekin. Orain, ondorioak pairatzen ari gara”.
Erabakia “kaltea egina dagoenean” iritsi dela dio EH Bilduk: “Guretzat beharrezkoa da erregulazioan jasotako edozein salbuespen ezabatzea, besteak beste, eremu asebeteetan hotel berriak irekitzeko aukera ematen dutenak. Izan ere, ondarea babesteko egiten dela argudiatzea eufemismo hutsa da. Elizak, komentuak edo villa historikoak hotel nola bilakatu diren ikusi dugu azken urteetan. Azkena, Satrustegi Dorrea. Eta bidean dira Mariaren Bihotza, Maria Inmaculada eta Pio X. Denak Grosen. Arreta berezia jarri beharko genioke, halaber, Ategorrietan gertatzen ari denari. Gaur gaurkoz, halaber, Antiguan, Parte Zaharra-Erdialdean eta Grosen ezik, gainontzeko edozein eremutan hotelak eraiki daitezkeela gogorarazi nahi dugu”.
Luzamendua ezarri zenetik, lizentzia berri gehiago eman direla dio udal taldeak, beste eskaera batzuk tramitatzearekin batera. “Satrustegi Dorrea da adibidea hotelen kasuan, eta Amara auzoan, Osasunaren kalean, funts putre bati emandako lizentziak etxebizitza turistikoen kasuan”, deitoratu dute.
Kontrolerako “mekanismo propioak” ezartzea eta “araudia betearazi” behar dela eskatu da. “Hori da gaur gaurkoz dugun gabezietako bat borondaterik ez dagoelako. Zentzu horretan, gogoratzekoa da iragan irailean espainiar Gobernuaren Etxebizitza sailak berak identifikatu zituela legez kanpoko 138 pisu turistiko”, nabarmendu dute.


