«Nik ez nuen kea saldu nahi. Eta baieztatu da CBDa gozamena dela»
Farmazialaria profesioz, CBDak dituen onurak lau haizeetara zabaltzen ditu Maider Altunak (Loiola, 1973), 'Kalamua.eus' webgunean. CBDa duten produktuak saltzeaz gain, hauek bere bezeroengan duten eraginaren jarraipena egiten du, arreta pertsonalizatuaren bidez.
Maider Altuna Trojaola, Kalamua.eus-eko produktuekin.Nagore Garmendia Zer da ‘Kalamua.eus’, eta zer egiten duzue bertan?
Online denda bat da, besterik ez; eta ni nago salmenta horien atzean. Baina gustatzen zait bezeroei azaldu ahal izatea eta jarraipen bat egitea, CBDari buruz dagoen estigma kentzeko.
CBDak oso ondo funtzionatzen du, baina zure beharraren arabera esan behar dizute zer hartu. Kontzentrazio pila bat daude, eta zertarako behar duzunaren arabera, produktua bat edo beste izango da. Beldurrak eta zalantzak argitzeko, norbaitekin hitz egin behar duzu. Eta nik hori egiten dut, telefonoz eta beraiekin geratzen. Batez ere, olioen kontuan behar du jendeak informazioa, eta badirudi horrela egiteak funtzionatzen duela. Jendea pozik dago.
Euskaraz eskaintzen duzu zerbitzua. Ez da asko ikusi hori.
Argi genuen domeinuak euskaraz behar zuela izan eta webgunea ere euskaraz egotea nahi genuen, ez dagoelako horrelako informazio nahikorik euskaraz. Eta desberdindu egiten gaitu. Espainiako Estatu guztira bidaltzen dugu, baina gertutasunak eraginkorragoa eta sinesgarriagoa egiten du dena.
Zein hutsune edo behar antzeman zenuen CBDaren inguruan?
Azaldu egin behar zaiola kontsumitzea pentsatzen ari den horri. Beti izan dugu grow shop ideia hori; erosi, ematen dizute, eta listo. Baina horrekin zer kontxo egiten duzu?
Gertatzen dena da, normalean jendeak jotzen duela CBDra, ez dionean beste ezerk funtzionatu. Falta zaigu informazio eta kultura orokor bat, geure buruari esateko: hau hartu dezaket, orfidala baino lehen. Jende asko etortzen da esaten: «Nazkatuta nago orfidala hartzeaz; utzi nahi dut». Botika asko hartzen da. Jendea polimedikatuegia dago. Beldurra daukazu zer pasatu dakizuken CBDarekin, eta orfidalak hartzen dituzu. Askoz ere albo ondorio gehiago ditu, ordea. Farmazialari gisa, barregura eta dena sartzen zait! Besterik gabe, gauza batzuk beste batzuk baino hobeto ikusiak daude.
«Jendeak jotzen du CBDra beste ezerk funtzionatu ez dionean; kultura orokor bat falta zaigu»
Zertarako erabiltzen dute CBDa, nagusiki, zuen bezeroek?
Minerako, lo egiteko eta antsietaterako. Asko esaten da kalamuak lokartu egiten zaituela, eta jokoz kanpo uzten zaituela, baina hori gertatzen da THC maila altua badu. CBDak ez zaitu txolintzen, lasaitzen zaitu baina dosi txikitan aktiboa da; arreta jartzen laguntzen du. Eguneroko bizitza berdin-berdin egiten duzu, baina sabeleko korapilorik gabe. Ez dizu lan egitea edo ikastea galarazten, guztiz kontrakoa.
CBD olioak dira gehien kontsumitzen direnak. Nola erabiltzen dira?
Gomendatzen da egunean hiru aldiz hartzea, mihi azpian hiru tantatxo jarriz. Zaporea bai da belar zaporea, kalamuarena, baina oso zapore gutxi du. Astebetera edo, egindako eragina berrikusi eta, behar baduzu, tanta kopurua igo dezakezu, zure dosia aurkitu arte. Berrikusketa horretan laguntzen diet nik.
Kasu edo arazo zehatz batzuetan hobeto funtzionatuko dute, noski.
Epilepsiarako botikak ospitaletan daude aspalditik, eta badute THC eta CBD. Haurrek epilepsiagatik dituzten konbultsioetarako onartua dago, eta Espainiako Estatuan dagoen bakarra da, horretarako. Kimioterapiak eragindako goragaleetarako ere ematen dizute.
Fibromialgia duen pertsona batzuek min potentea dutenean, CBD likidoa edo lorea bapeatzen dute; zupada potente bat ematen badiozu, mina oso azkar kentzen dizu. Hori ospitaletik kanpo egiten dute, legea ez dagoelako horretarako eginda.
Zein da ba gaur egun CBDaren egoera legala Espainiako Estatuan?
Espainia azkenekoa izan da Europa mailan legea onartzen eta murritzena da. Lauzpabost argibide daude, soilik. Ez dute lege oso itxi bat egin, eta hori da ona. Ebidentzia zientifikoak dauden heinean, argibide gehiago sartzeko aukera egongo da. Eta espero da hori zabaltzea.
Legearen arabera, mediku batek ez dizu kalamu medizinala emango lehen aukera gisa. Formakuntza asko falta da. Espainiako Estatuan ez denez legala ezta landatzea ere, ezin izan dute landarearekin asko frogatu eta ikertu.
Zein propietate ditu CBDak ikuspegi terapeutikotik?
Kalamu landareak osagai pila bat dauzka; gehien ezagutzen duguna THCa da, txolintzen duena. Terapeutikoena ere bada, baina txolintzen duenez eta ez denez legala… CBDa beste osagai bat da; propietate ansiolitikoak ditu, eta gorputzeko funtzio gehienak erregulatzen ditu.
Ez zegoenez onartuta medikazio gisa, erabiltzen da legala den CBDa. Horrek propietateak ditu, baina gaitz larrietarako beharko litzateke propietateen portzentaje hori altuagoa izatea; legala izateko eduki behar du %0,2 THC baino gutxiago; nabaritzen da, baina ez da ezer.
Olio horiek dituzte landareek dituzten osagai guztiak, full spectrum deritzonak. Hori da landaretik erauzi dutela, disolbatzaileekin. Teorian, osagai guztien nahasketak efektu hobea egiten du. Gaur egun, haziak landatzean, THC gutxiago dute, hasieratik. Negutegi antzekoetan landatzen dituzte eta THC kantitatearen analisiak egiten dituzte. Dena kontrolpean dago. Etxean landatuz gero, ez dakizu zenbatekoa den portzentajea. Jasotzen duten eguzki argiaren arabera kantitatea desberdina da, adibidez. Botanika da, guztiz.
Sabeleko korapilo hori kentzen dizu, baina ez dizkizu arazoak konpontzen. Urduria bazara, urduria izaten jarraitzen duzu, baina ez daukazu itoaldi hori barruan, zure egunerokoan. Lorako, adibidez, primeran. Min larrietarako, agian, olio hauek eskas geratzen dira.
Eta zein da CBDaren eta kalamu terapeutikoaren arteko aldea, legalki?
Kalamu terapeutikoa, legalki, kosmetiko gisa dago onartuta. Jarri behar duzu saltzen ari zarena ez dela botika bat, eta egia da, ez dagoelako hala onartua. Gaitz zehatz batzuen sintomei aurre egiteko soilik emango dute, erlaxatzeko balio duelako. CBDa beste botika batzuekin konbinatu daiteke, gehigarri gisa. Eta, batzuetan, botika horren beharra ere desagerrarazi egiten du.
«CBDak ez du txolintzen. Lasaitzen zaitu baina dosi txikitan aktiboa da; arreta jartzen laguntzen du»
Gure gorputzak badu kanabinoide sistema bat: zer da, eta zertarako behar dugu?
Errezeptore zehatz batzuk ditugu, sistema endokanabinoide bat daukagulako. Kanabinoideak landareek dituzten osagaiak dira, eta guk sistema bat daukagu horrekin erreakzionatzen duena. Guk sortzen ditugu neuromodulatzaile horiek, baina gutxi eduki ditzakezu, eta CBDak laguntzen dizu horiek erregulatzen. Botika batek egingo lukeen funtzio bera egiten du, baina landarea da. Uste dut ez dagoela errezeptore zehatz horietan eragiten duen beste landarerik.
Zein mito edo uste oker daude gehien hedatuta CBDaren inguruan?
Asko entzuten da CBDarekin tontotuta geratuko zarela eta ezin duzula bizitza normal bat egin. CBDak ez dauka efektu psikotikorik, ordea. THCak dituen efektu terapeutiko berak ditu, suabeagoak, baina ez du engantxatzen. Utzi nahi baduzu, arazorik gabe egin dezakezu.
Estigma, gainera, adin guztietan dago. Joan izan naiz bezeroen etxeetara honek nola funtzionatzen duen azaltzera, lotsa ematen zielako kalean geratzea. Farmazialaria zarela esateak eta itxuraz oso makarra ez izateak konfiantza ematen du.
Esan daiteke, orduan, plazeragatik erretzen dutela CBDa.
Edo lasaitzeko, edo mina kentzeko, edo lo egiteko. Baina zaporea eta usaina bera da. Kalamua erretzen ari zara, baina txolintzen zaituzten ezaugarri horiek gabe.
Badago betidanik marihuana erre duen eta orain CBDa erretzera pasa den jendea, ez dutelako txolinduta egon nahi, baina lasaitzeko erabiltzen dute. Marihuana erre duen jendea oso zorrotza da; CBDa erretzerakoan jendeak nahi duena da kalitatezkoa izatea, baina marihuanaren zaporea izatea. Lehen belar zaporea zuen CBDak, baina gaur egun landareen zaporea oso lortuta dago. Askok esan didate denbora luzean erre duten lorerik onena eman diedala. Nik ez nuen kea saldu nahi. Eta baieztatu da CBDa gozamena dela.
«Estigmak ez du utzi kalamuarekin ikerketa horiek aurreratu daitezen»
Nola bermatzen duzue ‘Kalamua.eus’-en saltzen dituzuen produktuen kalitatea, jatorria eta segurtasuna?
Produktuak laborategi zehatz batzuetatik datoz, espainolak. Legearen arabera, CBDa saldu daiteke estatuan, bertan ekoiztua badago. Bertan saldu behar dituzun produktuak Europan ekoitziak behar dute izan, Europako legea aplikatzen zaielako.
Nik ikerketa lan handi bat egin nuen laborategiak aukeratzeko, eta hiruzpalau hornitzaile dauzkat. Ipar Euskal Herriko batzuekin harremanetan egon nintzen, baita ere; interesgarria iruditzen zitzaidan esan nezakeelako saltzen dudana Euskal Herrian ekoiztua dela, baina kontuan izanda Frantziako Estatuan dena garestiagoa dela, prezio aldetik ez zitzaidan ondo ateratzen.
CBDaren onurak gero eta gehiago badira, zergatik ez da erabat normalizatu edo legalizatu?
Ez dago informaziorik eta industria farmazeutikoan ez da interesik egon. Izan ere, CBDa legalizatzen medikazio asko kendu zezaketen, eta hori diru galera bat da. Ikusten ez dena da honek dirua eman dezakeela, baita ere. Landa eremuak baimentzen badituzu, lanpostuak sortzen ari zara. Horrek zergak dakartza, eta hortaz, estatuarentzako dirua.
Amerikako Estatu Batuek ilegalizatu nahi izan zuten, marihuana immigrazioaren kontua balitz bezala tratatuz. Kalamua oso potentea da ehungintzan, eta industria hori martxan jarri zenean AEBetan, konpetentzia gisa ikusi zuten, eta legez kanpo utzi zuten. Estigma sortu zen orduan, beltzarena, immigrantearena. Eta estigma horrek ikerketak egiteko arazoak ekarri ditu.
Opioideekin gauza bera pasatu zen [morfina moduko bat]; duela 40 urte, opioideak erabiltzea erokeria bat zen. Kalamua baino potenteagoa da, baina ikusi da bere funtzioa zein den. Ikerketekin lortu dira dosi zehatz batzuk, eta kontrolatua dagoen zerbait da. Estigmak ez du utzi, ordea, kalamuarekin ikerketa horiek aurreratu daitezen



