Umar Sadiq dagoeneko ez da txuri-urdina eta Valentzian jokatuko du
Umar Sadiq, Zubietan.Reala Jakina zena baieztatu du Realak: Sadiq Umar aurrelariak Valentzian jokatuko du aurrerantzean. Hainbat hedabidek argitaratutako informazioaren arabera, bost milioi euro ordainduko dizkio Valentziak Realari nigeriarrarengatik, txuri-urdinek Almeriari ordaindutako hogei milioi euroen laurden bat. Hasieratik bukaerara, gaizki atera den operazioa izan da Sadiqena.
Sadiqek ez du jarraikortasunik izan Realean. Iritsi eta hiru partida jokatu ostean —tartean gol ikusgarri batzuk sartuta—, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen. Lesioa gainditzea lortu zuen, baina ez du entrenatzaileen konfiantzarik izan. Imanol Alguacilek pixkanaka baztertu zuen, eta gauza bera egin dute Sergio Franciscok eta iritsi berri den Pellegrino Matarazzok. Jokalariaren jarrera ere ez da eramangarria eta ulergarria izan. Hori dela eta, pasa den sasoian utzita aritu zen Valentziarekin, eta hara bueltatu da.
Guztira, bost gol egin ditu talde txuri-urdinarekin. Azkena, Espainiako Kopan izan zen, Reusen kontra jokaturiko kanporaketan. Penalti bidez egin zuen gola.


