Babesa adierazi diete 13/13 sumarioan zigortutako abokatuei
13/13 sumarioan zigortutakoen aldeko elkarretaratzea, Gaskunia plazan.Joseba Parron San Sebastian 150 bat lagun batu ziren ostiral iluntzean Antiguako Gaskunia plazan Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia gaitzetsi eta Jon Enparantza, Arantza Zulueta, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi zigortuak babestu zituzten. Euripean, Ez gaitzatela atzera eraman. Konponbidea aurrera lelodun pankarta atzean eta inguruan bildu ziren herritarrak 13/13 sumarioan auzipetutako lau abokatuen zigorrak salatzeko.
Aste honetan jakinarazi du Goreneko Zigor aretoak 2022ko martxoan Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoen defentsan aritutako lau abokatuei dagokien erabakia. Ezarritako zigorra berretsi die Enparantza eta Zulueta abokatuei, zehazki, lau eta zazpi urte eta erdiko espetxealdia, hurrenez hurren, “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta; baita lehergaiak edukitzea ere Zuluetari. Zurriarain eta Sarriegiren kasuan, aldiz, helegitearen zati bat aintzat hartu, eta zigorrak arindu dizkie, euren erantzukizuna “hain larria” ez zela iritzita. Hala, hiru urte eta erditik bi urtera murriztu du Zurriarainena, eta hiru urte eta egun batetik urte eta erdira Sarriegirena.


