Harrobideo Laborategiak zinemagintza lantzeko aukera emango die gaztetxoei
Larrotxene Bideok Harrobideo Laborategia martxan jarriko du datorren larunbatean, hilak 17. 8 eta 12 urte bitartekoei zuzendutako programak zinemagintza “modu ludiko, esperimental eta kolektiboan” lantzea du helburu. Ariketa praktikoen bidez, partaideek beren ideiak irudi bihurtuko dituzte eta kontakizun kolektibo bat eraikiko dute, euren kezka eta interesetatik abiatuta.
Trebakuntza ibilbidea bi orduko hamar saiok osatzen dute, baina, aldi berean, banakako jarduera izateko prentsatuak daude, beraz, ez dago denak egin beharrik. Bakoitzean ikus-entzunezko arlo bat landuko dute: argia, kolorea, espazioa, mugimendua, enkuadreak, konposizioa, pertsonaiak, muntaketa eta beste hainbat.
Saioak bi larunbatean behin aurrera eramango dituzte Larrotxene Kultur Etxean eta bertako baliabide tekniko eta profesionalak —kamerak, estudioak, soinua, edizio gelak…— eskura izango dituzte. Zine-Lab kolektiboko Unai Ruiz eta Maite Alonso sortzaileek koordinatuko dute programa, eta doakoa bada ere, aurrez izena eman behar da.
Programa
- 1. saioa. Zer da zinema? I. Gure zinemagile-begirada. Filmak ikusi eta hauek komentatu. Enkoadreak sortu, konposizioa eta ikuspegia ikasteko.
- 2. saioa. Zer da zinema? II Argia, kolorea eta mugimendua. Argiaren erabilera ulertu filmetan, ondoren argi eta itzalekin jolasteko. Eszenak sortu, objektuak argiztatuz. Espazioa aztertu.
- 3. saioa. Gidoia I. Pertsonaiak eta munduak sortu. Filmak ikusi, ariketa praktikoak egin eta storyboard bat sortu.
- 4. saioa. Gidoia II. Eszena bat eraiki. Kroma eta fondo birtualak filmetan aztertu. Kromarekin jolastu, inprobisazioaren bitartez.
- 5. saioa. Filmaketa I. Kamera, gorputzaren luzapena. Kameraren erabilera filmetan aztertu. Ariketa praktikoak kamerarekin.
- 6. saioa. Filmaketa II. ‘Irla imajinarioaren bizitza’ erregistratu. Aurreko blokeetan sortutako txokoak, objektuak eta pertsonaiak filmatu. Lan taldeak sortu zinemaren eginkizunen arabera.
- 7. saioa. Soinua I. Soinu-paisaiak, soinu unibertsoak. Filmak, entzumenaren bidez “ikusi” eta gero, komentatu. Giroa —haizea, pausuak, ahots urrunak— grabagailuaren bidez erregistratu.
- 8. saioa. Soinua I. Soinua eta emozioak. Giroak, efektuak eta ahotsa konbinatuz eszenak sortu. Soinu bankua sortu, edizioan erabiltzeko.
- 9. saioa. Edizioa I. Grabatutakoaren berrazterketa. Aurreko saioetan sortutako irudiak eta soinuak ikusi eta komentatu. Planoak ordenean jarri eta edizioaren tresnekin jolastu.
- 10. saioa. Edizioa II. Istorio kolektiboaren muntaketa. Ahotsak edo intertituluak gehitu eta planoak eta soinua muntatu. Azkenik, lanaren proiekzioa egingo da.


