Hiru familia etxegabetze arriskuan daude, Azorarekin zuten zorra kitatu arren
Groseko Auzo Elkartearen aurrean egindako agerraldiko irudia.Saretxe Saretxe Etxebizitza Sindikatuko kide diren Amara eta Groseko hiru familiak etxegabetze agindua jaso dute eta datozen hilabeteetan etxea galtzeko arriskuan dira. Lehen kaleratzea, hain zuen ere, hilaren 23rako ezarri dute. Larunbat goizean Hondarpe elkartearen aurrean egindako agerraldian, Jon Basterra eta Isaac Lagos sindikatuko kideek azaldu dutenez, hiru familiek alokairuaren ordainketan unean uneko atzerapenak izan dituzte eta hori baliatu du Azora funts putreak demanda judiziala jartzeko; prozesu judiziala abiatu zenerako zor guztiak kitatuta bazituzten ere.
Horren atzean bi arrazoi daudela uste dute sindikatuko kideek. Batetik, Azorak “legez kanpo” kobratzen duen ordainketa ezaren asegurua berreskuratzeko estrategia baten parte da. “Ordainketan atzerapena izan duten bizilagunei demanda jartzen diete, eta bertan, asegurua bera ere erreklamatzen dute”; bizilagunak epaiketara joatera edo ordainketa egitera behartuz. Bestetik, “bizilagunen borroka zigortu” eta eraikitzen ari diren “komunitatea ahultzeko” saiakera da. Izan ere, familia hauek, duela bi urte inguru sindikatura batu zirenetik, bizilagunekin batera funts putrearen aurkako borrokan buru-belarri aritu dira: gehiegikeriak salatzen, alokairu greba partziala egiten eta auzokideen arteko elkartasuna antolatzen.
Bestalde, “etxebizitzaren desmerkantilizazioa” lortu arte “bide luzea” egiteko dagoela ere gogoratu zuten; baita gatazka honetan arrazakeria “oso agerikoa” dela ere. “Arrazismo inmobiliarioaren ondorioz, beste alternatibarik gabe baldintza txarretan bizi dira familia hauek guztiak”. Hortaz, etxegabetzeen aurrean antolatzera eta mobilizatzera deitu zuten, etxebizitza eredua eraldatzeko bide bakarra antolakuntza kolektiboa dela sinetsita, eta horren emaitza den albiste on bat eman zuten: Isaac Lagos eta bere familiaren etxegabetzea bertan behera gelditu zen duela hiru aste.


