Blues asteburu bat Altxerrin
The Fake Cousins blues hirukotea, igandean, Altxerrin.Altxerri Blues musika ez da inoiz izan Donostian eta Euskal Herrian zale gehien izan dituen musika, eta, beraz, ez da erraza blues kontzertuak ikustea kultur egitarauetan. Pasatu berri den asteburuan, aldiz, ezohiko egoera bat eman da Donostian, bi blues kontzertu egon baitira Altxerri eraberrituan, bi talde gipuzkoarrenak: The Wilsons Organ Triok jo zuen larunbatean eta The Fake Cousinsek igandean. Bi egunetan, jendez bete zen Parte Zaharreko kontzertu areto historikoa, halako musika taldeek eta zaleek areto txikiak ezinbestekoak dituztela argi utziz, beste behin ere.
Iker Piris tolosarraren gitarra eta ahotsa buru, Altxerri blues eta soul doinuez bete zuen Pirisek berak, Fredi Pelaez organistak eta Andy Martin bateriak osatzen duten The Wilsons Organ Triok. The Wilson’s Theme-ren moduko abesti propioak Shake a Hand-en moduko bertsioekin uztartu zituzten, tarteka ikusleak abesten jarriz. Martin eta Pelaez maila oso altuko musikariak dira eta, akonpainamendu hutsetik harago joanez, Pirisen gitarra solo zorrotzei bide egin zieten, kontzertu borobila osatzeko.
Ikus-entzuleen artean gitarra jotzera atera zen kontzertuaren amaiera aldera Piris eta han topatu zuen Jon Aira gitarrista errenteriarra, The Donkey Riders hirukoteko taldekide duena —bide batez, disko berria aurkeztekoak dira martxoan Altxerrin bertan—, baita gitarra berari eman eta solo bat egiteko aukera eskaini ere. Airarena izan zen, hain zuzen ere, hurrengo egunean Altxerrin entzungo zen gitarra bakarra, The Fake Cousins hirukotearen txanda izan baitzen igandean.
Airak berak ez ezik, Paul San Martin pianista donostiarrak eta Adrian Carrera bateriak osatzen zuten hirukotea atzo, eta blues doinu klasikoez eta boogie-woogie biziez girotu zuten gaua —Call It Stormy Monday, Hoochie Coochie Man eta Rockin’ Pneumonia, besteak beste—. Rock-and-rollera ere pasatu ziren tarteka, Marie, Marie-ren moduko bertsioekin eta The Doorsen The Spy kantaren bertsio kaotiko zein borobilarekin. Eta, nola ez, ez zen faltatu San Martinek maisuki interpretatu ohi duen Bumble Boogie dibertigarria.
Areto eta zirkuitu txikiak, ezinbesteko
AEBetako XX. mendeko musika beltzaren —edo deabruaren musikaren, nahiago duzuena— doinuak maisuki interpretatu dituzte 2026 hasi berri honetako bigarren asteburuan, beste behin ere, tokiko musikari horiek guztiek, non eta Altxerrin, hiri honetako areto enblematikoenetako batean. Altxerrik, ordea, tarte batez itxita egon eta udan eraberrituta ireki ostean, hori baino askoz gehiago programatzen du astero, ordea: astelehenetik igandera daude kontzertuak bertan, jazz kontzertuak nagusiki, bost euroren truk.
Blues eta jazz zaleak ez dira asko Donostian, ezta Euskal Herrian ere, baina daudenak fidelak eta biziak dira eta, udako jaialdi handietatik harago, urtean zehar taberna eta kontzertu areto txikiak betetzeko gai dira. Eta zer esan estilo horietako tokiko musikariez; kalitate maila izugarri altu dago. Horregatik, bere gauza txar guztiekin —kontsumizioen prezioak herrikoiagoak izan zitezkeen, besteak beste—, nabarmentzekoa da Altxerri udatik berriz irekita egoteak hiriko kulturari eta halako musika estiloetako zirkuitu txikiei egiten dien ekarpena, aniztasuna sustatzeaz gain, bizirik mantentzen baititu.
Luzaroan iraun dezatela kontzertu areto txiki eta ertainek, kultura programatzen duten tabernek eta jaialdi txikiek, horiek eraikitzen eta saretzen baitute benetan Kulturaren Hiria. Eta, bide batez, blues asteburuak ez daitezela salbuespena izan Donostian.


