Hiriko iraunkortasuna eta klima aztertu ditu Cristina Enea Fundazioak
Cristina Enea Fundazioak Donostiako Iraunkortasunaren eta Klimaren Txostena 2024 aurkeztu du. Erakundearen Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiak aurrera eramandako lanketaren emaitza da eta Donostiaren hiri-metabolismoa zehatz-mehatz aztertzen du. Klima aldaketaren aurkako borrokaren eta egokitzapenaren ikuspegitik planteatua, Donostiako Klima Aldaketaren aurkako Ekintza Planean ezarritako jardun eremuekin lotzen du barne egitura, baina beste eremu erabakigarri batzuen informazioa ere biltzen du bizi kalitatea eta ongizatea ebaluatzeko.
Bost ataletan banatuta dago: lurraldea, mugikortasuna, energia, ekonomia zirkularra eta bizi kalitatea; eta bakoitzaren barruan, atal ugari bereizten dira: Hiri lurzoru urbanizatua, biodibertsitatearen babesa, espazio publikoaren banaketa, ura, mugikortasuna, motorizazio indizea, energia kontsumoa, hondakinak, kontsumo arduratsua… Atalez atal izandako bilakaera laburbiltzen du eta iazko datua azaldu. Askotan, hobera egin du.
2008tik argitaratzen hasi ziren analisi sail baten azken eguneratzea da. Hortaz, azken 16 urteen bilakaera ikusteko aukera ematen du. 50etik gora adierazle eta datu garrantzitsu biltzen ditu, izandako bilakaera aztertu eta lortutako informazioari buruz hausnartuz.


