Oihane Otaegi eta Mikel Unanue curling jokalarien ibilbidea jaso du Basque Team-ek
Ez dira otsaileko Milan-Cortina d ‘Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoetan izango, baina Oihane Otaegi eta Mikel Unanue curling jokalariek bide emankorra egin dute haien diziplinan. Hori dela eta, Basque Team fundazioak haien ibilbidea jaso du telebistarako erreportaje batean.
Banakako kirol eta diziplinetan hasi ziren arren —Unanue igeriketan eta Otaegi gimnasian eta atletismoan—, helduak zirela, euren burua berrasmatu zuten eta urratsa eman zuten curlingean hasteko. Erosotasun eremuan zuten kontrola galdu zuten, baina behetik hasita bizimodu berri bat eraikitzen jakin zuten, eta horrek nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetan lehiatzera eta talde mistoetako probetan munduko dominak lortzera eraman ditu.
“Mikelek pertsona obsesibotzat hartzen du bere burua, eta Oihaneren irmotasun eta perfekzionismoarekin osatzen da. Horrela, tandem sendoa osatzen dute, oztopoak gainditzeko gai izan dena; lehena, gutxienez mila kilometro egin behar izatea izotzaren bila, kalitatez entrenatu behar duten bakoitzean”, nabarmendu du fundazioak.
Pasa den abenduan, Kanadan jokaturiko Olinpiar Jokoetarako sailkapen txapelketan, partida guztiak galdu zituzten. Ondorioz, ez dira Italiako Neguko Olinpiar Jokoetan izango.


