Zubietako erraustegiko langileak lan baldintza duinen alde mobilizatuko dira
Zubietako erraustegia. (Argazkia: Noaua) Lan baldintza eskasak aitortzeko beharrarekin, horiek hobetuko dituen enpresa hitzarmena exijitzen dute Zubietako erraustegiko langileek; hala, mobilizazioak hasiko dituzte, eskatzen dutena lortzeko: lehena hilaren 15ean izango da (ostegunean), 13:00etan, plantearen sarreran.
Urteak dira EKOBAL enpresarekin negoziaketak hasi zituztela lan baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko; hasierako egoerara itzuli dira, ordea: langileen hitzetan, lan baldintza “penagarriak” dituzte, enpresak horiek aitortzeko borondaterik ez duelako.
“Txandakotasun, arrisku eta toxikotasun handiko ingurune batean” lan egiten dutela esan dute langileek, eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak salatzen dituzte (hamabi orduko lanaldi jarraituak egitera behartzen dituzte hurrengo txandakoak ezin badira joan, edota asteburuetako erretze zerbitzuak egitera, ordaindu gabe). Laburbilduz, txandakotasuna eta etengabeko prestutasun hori arautuko duen enpresa hitzarmen bat da eskatzen dutena, egunero jasan beharreko arriskua eta toxikotasuna ere kontutan hartzen duena


