20.510 euroko kalte ordaina eman beharko dio udalak emakume bati, izandako istripu baten harira
Donostiar bati 20.510 euroko kalte-ordaina emango dio udalak, motorrean zihoala Errondo Gaineko errepidean eroritako harriek eragindako kalteengatik.
Gertaerak 2023ko urtarrilaren 18an izan ziren, 20:30 aldera. Emakumea Suzuki Burgman 125 motozikleta batekin zihoala Errondo gainetik, Amaratik gorantz, eta “bat-batean harri handi batekin topo egin zuen, galtzadaren erdian zegoen 90 zentimetro luze eta 25 zentimetroko lodierakoa, eta ezin izan zuen saihestu harekin talka egitea eta lurrera erortzea”, sententzian jasotzen denez.
Erorikoaren ondorioz, emakumea anbulantzian eraman zuten Gipuzkoako Poliklinikara. Bertan, eskuineko belaunean lesioak diagnostikatu zizkioten, baita kubitua hautsi eta triepsa kendu ere, eta kirurgia egin behar izan zioten. Errehabilitazio-tratamendua jaso behar izan zuen, eta bajan egon zen 2023ko urtarrilaren 18tik ekainaren 7ra arte.
Epaitegiak emakumearen defentsak jarritako errekurtsoa ontzat eman eta Donostiako Udala eta haren aseguru etxea 20.510 euroko kalte-ordaina ematera kondenatu ditu, “eragindako lesio, sekuela eta kalte materialengatik, gehi legezko interesak, administrazioaren aurreko erreklamazioaren egunetik aurrerakoak”. Epaia irmoa da eta ezin da haren aurkako errekurtso arruntik aurkeztu.


