4.600 haurrek hartuko dute parte haur danborradan, Intxaurrondokoen zuzendaritzapean
Intxaurrondoko Haur Danborradakoak dira aurtengo haur danborradako pertsonaiak.Beñat Parra Astebete eskas baino ez da gelditzen San Sebastian egunerako, eta, urteroko legez, egun handi horretara begira dago Donostia egunotan. Hain zuzen ere, haur danborrada aurkeztu dute astearte goizean udaletxean Jon Insausti alkateak eta Ana Lopez Festa Jardueretako zinegotziak, Intxaurrondoko Haur Danborradako hainbat kiderekin batera.
Izan ere, konpainia horietakoak dira aurtengo pertsonaiak. “Eskerrik asko zuen ilusioa eta gogoa hiri osoari erakusteagatik. Horrek egiten du benetan handia San Sebastian eguna”, esan die Insaustik haurrei. 4.630 (2.486 neska eta 2.144 mutil) haurrek hartuko dute parte desfilean, 38 ikastetxe eta elkartetako 45 konpainiatan banatuta. Haur danborradaren aurkezpen festa ostiral honetan izango da, hilaren 16an, 12:00etan, Viktoria Eugenia antzokian.
Hauek izango dira haur danborradako ohiko pertsonaiak, XIX. mende hasierako Donostiako gizartea islatzea xede dutenak, gorpuztuko dituzten Intxaurrondo auzoko haurrak: Argoitz Etxezortu San Jose danbor nagusia, Valentina Errante Santos alkatea, Odei Albarca Lopetegi notarioa, Jon Saizar Viles jenerala, Ane Martin Lopez laguntzailea, Ayleen Kristen Siavichay Lopez Easo ederra, Elena Pascual Loi eta Nahia Abal Aldaz damak, Aimar Benavente Briones hiritarra, Aitor Ponce Prieto arrantzalea, Paola Errante Santos irulea, Ekaitz Fernandez Otegi artzaina, Ibai Redondo Lerones dendaria, Ariane Valderrama Aldasoro urketaria, Ander Bermejo Gomez mandazaina eta Leo Pina Castro, Mateo Lasa Santos, Oihan Benavente Briones, Elene Celestino Creo, Bruno Larramendi Cruz eta Unax Manzano Irigoien zaldizainak.
Horrela, datorren asteartean, San Sebastian egunean, udaletxeko balkoira aterako dira 12:00etan danbor nagusia, alkatea, notarioa, jenerala eta laguntzailea, Alderdi Ederren zain egongo diren ia 5.000 haurren aurrera. Errante alkateak aurreratu du “bandera igoeraren mendeurrenarekin zerikusia” izango duela bere diskurtsoak, baita ondo pasatzera deituko dituela ere donostiar guztiak. Jarraian, San Sebastian martxa zuzenduko du Etxezortuk balkoitik, eta jarraian, Raimundo Sarriegiren doinuen erritmora hasiko da desfilea, Erdialdeko kaleetan barrena; beheko irudian kontsultatu dezakezue konpainien ordena.
Aipatzekoa da, bestalde, desfilea bertan behera uzteko moduko eguraldi txarra egingo balu, Donostiako Festak-ek hilaren 20ko goizean bertan egingo luke jakinarazpen ofiziala, 10:30en bueltan. Kasu horretan, hilaren 25era atzeratuko lukete desfilea, eta egun horretan ere eguraldi txarra egingo balu, bertan behera utziko lukete eta ez lukete gehiago atzeratuko.
Haurrak auzoetan
San Sebastian egunaren aurretik ere egongo da haur danborradak ikusteko aukera, Donostiako hainbat auzotan: hilaren 16an (ostirala), Mendiola HLHIko ikasleek joko dute Bidebietan eta, hilaren 17an (larunbata), Eskibel Ikastetxeak, Arantzazuko Ama Ikastolak, Jakintza Ikastolak eta Intxaurrondo Hegoa ikastetxeak girotuko dituzte Ibaeta, Martutene, Antigua eta Intxaurrondo.
Bestalde, San Sebastian egunaren bezperan (hilak 19, astelehena), hamabi haur danborrada ibiliko dira hiriko kaleak girotzen: IGE Larrun (Amara), Altza S.J.C. (Altza), Axular Lizeoa (Aiete), Harri Berri Oleta Ikastetxea (Altza), Elaienea ikastetxea (Antigua), Intxaurrondo Ikastola (Intxaurrondo), Zuhaizti eskola publikoa (Gros), Gaztelubide Txiki (Parte Zaharra), UA 150 Haur Danborrada (Parte Zaharra), Kresala Txiki Danborrada (Parte Zaharra) eta Kañoyetan Txiki haur danborrada (Parte Zaharra). Azken hori, 125 urte bete berri dituen Kañoyetan elkartearena, lehen aldiz aterako da aurten, berritasun gisa. Era berean, hilaren 20an bertan aterako da haur danborrada bat kalera, eguerdiko desfilearen ostean: Amaratarra Txiki Danborradak emango die amaiera aurtengo haur danborradei.
Era berean, urte berezia izango da 2026a Herri Ametsa ikastolakoentzat, izan ere, 50 urte beteko ditu haur danborradan parte hartzen. Bidebietako ikastetxeak 1976an hartu zuen parte estreinakoz, ikastola gisa parte hartu zuen lehenengo ikastetxea izanik. Horrela, 50. urteurrena ospatzeko oroitzapen gorbata jasoko du konpainiak, udalaren partetik.



