Motoek Errondo pasealekuan aparkatu ahal izango dute Anoetako ekitaldien egunetan
Errondo pasealekua, Anoeta futbol zelaiaren alboan. Donostiako Udalak 220 motorrentzako aparkaleku berria prestatuko du Anoeta estadioaren ondoan, gaurtik aurrera erabili ahal izateko. Estadioan ekitaldiak egiten diren egunetan egongo da eskuragarri aparkaleku hori. Gainerako denboran, tarte hori TAO sistemaren barruan (5-1 sektorea) mota guztietako ibilgailuak aparkatzeko erabiliko da.
Jarduera hau Errondo pasealekuaren inguruko lur gaineko aparkalekuaren berrantolaketaren barruan kokatzen da. Bertan, TAOko 45 aparkaleku berri sortu dira Errondo pasealekuaren erdibitzailearen ondoan (Aita Donostia eta Carlos I.aren artean). Hauek Anoeta estadioan ekitaldiak daudenean motoen aparkaleku gisa erabili ahal izango dira (220 plaza).
Egoiliarrentzako abantailak
Proiektu honi esker, 144 plaza sortu dira 5-1 (Amara Berri) Sektoreko Bertakoen aparkaleku esklusiborako. Zehazki Ferrerias kalean (77 plaza) eta Carlos I.aren taulapean (67 plaza). Horrez gain, inguruko bide segurtasuna hobetzeko oinezkoentzako pasabide berriak jarri dira eta aipatutako motorrentzako plaza berriak sortu.
Beste neurrik batzuk ere hartu ditu udalak. 5-1 Amara TAO sektoreko bertakoei 1-2 Erdialdea, 1-5 Morlans, 5-2 Loiolako Erriberak eta 5-3 Loiola sektoreetan aparkatzeko baimena emango die estadioan ekitaldiak egiten diren egunetan, Anoeta pasealekua zirkulaziorako eta aparkaleku orokorrerako erabat ixten denean.
Baimen hau indarrean sartuko da ekitaldia egin aurreko eguneko 00:00etatik, ekitaldia egin eta hurrengo eguneko 23:59ak arte. Bertakoek xede-sektorean baimendutako egoiliarren baldintza berberetan aparkatu ahal izango dute.
Garraio publikoa eta bizikletak
Udalak gomendatzen du garraio publikoa lehenestea Anoetan jokatzen diren kirol ekitaldietara joateko, bai eta mugikortasun aktiboko beste garraio batzuk ere, hala nola bizikleta. Izan ere, 250 bizikleta eta patineteentzako aparkaleku segurua eta doakoa dago partida egunetan Amara Berri ikastetxeko patioan kokatuta.


