Donostiako taxiak estatuko garestienak dira, hirugarren urtez jarraian
Bulebarreko taxi geltokia.Donostiako Udala Facua kontsumitzaileen eskubideen defentsarako erakundeak Espainiako Estatuko 57 hiritako taxi urbanoen tarifak aztertu ditu, eta Donostiako zerbitzua da guztien artean garestiena. Facuak urtero egiten du ikerketa hori, eta hirugarren urtez jarraian, Donostia jarri du taxi garestienen zerrendan lehena. Lleida eta Tarragona hiri katalanak dira hurrengo bi garestienak taxi zerbitzuari dagokionean, ikerketaren arabera; aldiz, Las Palmas, Huelva, Cadiz eta Melilla dira merkeenak.
Ikerketa 2025eko abenduan egin zuten, hiri guztietan ibilbide mota desberdinak eginda, eta ondorioztatu dute taxi zerbitzu garestien duen hiriaren eta merkeena duenaren artean %60ko aldea dagoela, batez beste. Bestalde, Facuaren arabera, 57 hiri horietatik, 39k igo dituzte taxi tarifak 2025ean, eta horietako bat da Donostia, %9,1eko igoerarekin.


