Garberarako oinezkoentzako bideetako argiztapena hobetuko du udalak
Garberarako oinezkoentzako bide bat.Donostiako Udala Hiru bidek lotzen dute Garbera merkataritza-gunea Intxaurrondo (Otxoki pasealekua), Altza (Larratxo) eta Martutene auzoekin. Bide horien argiztapena, ordea, ez da ona; hala, argiztapen hori hobetzeko lanak hasiko ditu udalak hilabete honetan, “segurtasuna indartu eta oinez joateko erraztasunak emateko”.
Argiztapena “egokitzea eta indartzea” aurreikusten du lana idatzi duen Krean, S. Coop. enpresak; izan ere, bide horiek badituzte zenbait puntu kritiko, batez ere, gau partean. Sei hilabeterako lana dela aurreikusten dute, eta Urbycolan S.L. enpresari esleitu zaio, 246.500 euroko kostuarekin.
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi du lan horiek guztiek segurtasuna hobetzeaz gain, “emakume askok biderik zuzenena eta erosoena aukeratzea” ahalbidetuko dutela, “segurua den ala ez pentsatu behar izan gabe”.
Pasealekuetako lanak, zehazki
Intxaurrondoko Otxoki pasealekuak LED argiak ditu, gaur egun. Garberatik gertuen dagoen azken zati hori landuko dute, ordea. Luminaria berri bat instalatuko dute bertan, argiztapen “homogeneo” bat bermatzeko.
Larratxotik Garberara doan bide horretan, aldiz, bi zatitan banatuko dituzte lanak: lehena; aire zabalean, LED argiak jarriko dituzte, baita farola berriak ere —azken horiek, Garberatik gertuen dagoen puntuan, gaur egun ez baitago argiztapenik hor—. Bigarren zatia, autobidearen azpiko tunelari dagokio; potentzia handiagoko fokuak jarriko dituzte hor.
Azkena, Garbera eta Martutene lotzen dituen bidea; 27. Poligonotik Garberako biribilgunera igotzeko oinezkoentzako bidea eta bertatik 27. Poligonora doan espaloia hobetuko dituzte.


