Jakiunderen erakusketa ibiltaria Garberara iritsi da
Jakiunderen erakusketa, Garberan.Jakiunde Zientzien, arteen eta letren akademia da Jakiunde, eta alor horietako emakumeen rola erakustea du helburu. Horrela, 24 emakume erakusketa ibiltaria aurkeztu zuten 2024ko otsailean, eta, ordutik, batetik bestera eraman dute. Orain, Garbera merkataritza zentroan ikus daiteke.
“Errealitate hori gizarteari erakusteko eta etorkizuneko belaunaldiak inspiratzeko nahiarekin, erakusketa ibiltari honek karrera profesional luzearen ondoren beren diziplinetan bikaintasuna lortu duten akademikoak aurkezten ditu, baita beren lanbidean punta-puntako lana egiten duten beste akademiko gazteago batzuk ere”, azaldu du akademiak.
Erakusketako protagonistak hainbat belaunaldi eta diziplinatako Jakiundeko kideak dira, eta bikaintasun profesional eta zientifikoa lortu dute arlo ezberdinetan, hala nola kimikan, fisikan, medikuntzan, musikan, psikologian, literaturan edo adimen artifizialean. Marina Palacio artista donostiar gazteak egindako erretratu eta bideoen bidez, euskal emakumeek landutako ezagutzaren testigantza bizia, askotarikoa eta konprometitua eskaintzen du erakusketak. 2022 eta 2023 urteetako Jakiundeko egutegietan dute jatorria irudiek.
Jakiundek zientzia, arte eta letrak sustatzeko jarduera ugari sustatzen ditu urtean zehar, eta oraingo honetan erronka garrantzitsuenetako batean jarri nahi izan du arreta: gure gizartearen aurrerapenean funtsezkoak diren jakintza arloetan emakumeek egiten duten lana ikusezin bihurtzen duten gizarte ohiturak gainditzea.
“Pertsona guztiek baldintza berdinetan edozein diziplinatan ezagutza eta lanbidean jarduteko aukera izan dezaten, gure gizarteak emakumeek bizitzako arlo guztietan duten presentzia ezagutu eta ikusarazi behar du”, nabarmendu du Ana Zubiaga Jakiundeko presidenteak. Aldiz, erakusketaren parte den Mariasun landa idazleak, “ekintza politiko eta kultural bat” dela adierazi du: “Memoriaren balantza orekatzeko modu bat da, askotan oin oharretara baztertuak izan direnak erdian jartzeko modu bat. Eta, batez ere, talentuak generorik ez duela gogorarazten digu, nahiz eta gizarte egiturek oraindik hori azpimarratzera behartzen gaituzten”.


