Reala aurrera kopan, heroi berri batekin
Unai Marrero atezaina izan zen penaltietako heroia.Reala Realak hil ala biziko partida horietako bat zuen atzo iluntzean Anoetan Osasunaren aurka, eta kostata izan bazen ere, bizirik atera zen. Hain zuzen ere, penaltietan garaitu zuen talde txuri-urdinak klub nafarra, Espainiako Kopako final-laurdenetarako txartela lortzeko. 0-2-ko markagailuari buelta eman zion Realak, luzapenean penalti bat huts egin zuen eta Unai Marrerok heroi jantzia jarri zuen penaltietan.
Lehenengo 90 minutuak, argitasun une batzuk kenduta, ez ziren batere onak izan Matarazzoren taldearentzat, kostatu baitzitzaion bere jokoa aurkitzea. Oso gaizki hasi izanak baldintzatu zuen, hein batean neurketa: laugarren minutuan, Moncayolak gol ikusgarria sartu zuen area kanpotik eta, hamazazpigarrenean, Oiartzabalek bere atean sartu zuen baloia, korner baten ostean. Hogeigarren minutuaren aurretik, beraz, bi goleko desabantaila gainditzeke zuen etxeko taldeak.
Aldaketak, funtsezko
Arrakasta handirik gabe saiatu ziren txuri-urdinak partida ia osoan zehar neurketari buelta ematen, baina Matarazzo aldaketak egiten hasi zenean, pixkanaka, arrisku gehiago sortzen joan zen Reala Osasunaren arean; Turrientes eta Zakharyan zelairatu zituen entrenatzaileak 55. minutuan eta Guedes eta Odriozola 74.ean. Turrientesek 1-2-koa sartu zuen 75. minutuan, area kanpotik jaurtiketa bikain bat eginda eta Anoetako harmailetan itxaropena piztuz.
Osasunako jokalariek, markagailuari eutsi nahian, partida osoa pasatu zuten denbora galtzen, eta are denbora gehiago galtzen aritu ziren Realaren lehenengo goletik aurrera. Horrek ez zizkien fruituak eman, ordea. Txuri-urdinak erasora joan ziren etengabe azken minutuetan, eta nabarmentzekoa da, zale askoren konfiantza ez badauka ere, Odriozolak egindako partida, eskuin hegaletik arrisku handia sortu baitzuen, baita jokaldi erabakigarrietan protagonismoa eduki ere.
Horrela, gol aukera argi batzuk eduki ostean, 90. minutuen luzapenean iritsi zen berdinketaren gola, Zubeldiak errebote bat area barruan jaso eta baloia sarera bidali zuenean; Anoetako harmaila lehertu egin zen. Oskarsson aurrelaria ere zelairatu zuen entrenatzaileak 89. minutuan, min hartuta zegoen Caleta Car atzelariaren partez, eta Zubeldiaren golaren jokaldian baloia sarera bidaltzeko gertu egon zen. Hala ere, 30 minutuko luzapena hastean, Matarazzok berriz aulkira bidali zuen islandiarra, Jon Martin atzelaria sartzeko; bost minutu eskas baino ez zituen jokatu aurrelariak.
Luzapenean, Reala izan zen nagusi, baina Osasuna ere saiatu zen markagailuan berriz aurreratzen, arrakastarik gabe. Lehenengo zatiaren luzapenean, bazirudien neurketa Realaren alde jarriko zela, txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi baitzuen epaileak. Ordea, Aitor Fernandez atezainak Oiartzabalen jaurtiketa gelditu zuen.
Penaltietan, Marrero
Penaltietara heldu zen, beraz, neurketa. Marrerok geldiketa erabakigarriren bat eginda zuen ordurako partidan zehar, eta penaltietan are erabakigarriagoa izan zen. Izan ere, Osasunak jaurtitako bigarrena gelditu zuen lehenik, eta azkena ondoren, garaipena erdiesteko.
Oiartzabalek, Guedesek, Solerrek eta Sergiok lehenengo lau penaltiak sartu zituzten Realarentzat, baina Zakharyanek kanpora bidali zuen azkena, garaipena Marreroren eskuetan utziz. Atezainak, normalean aulkian egoten denak, ez zuen huts egin, eta ez ahazteko gau bat eskaini zien realzaleei.



