San Sebastian aurreko kontzertua emango dute udaleko txistulariek Antzoki Zaharrean
Donostiako Udalaren Txistulari taldeak eta Donostia inguruko txistulariek San Sebastian aurreko kontzertua emango dute Antzoki Zaharrean igandean, hilak 18, 12:00etan. Sarrera doakoa da, eta bihar, hilak 15, 11:30ean hasita gonbidapenak eskuragarri izango dira bai aretoko bai Viktoria Eugenia antzokiko leihatilan. Pertsonako, gehienez, bi sarrera hartu ahal izango dira.
Antonio Peña y Goñik idatzitako Donostia pasodobleak hasiko du kontzertua. Txistulariekin batera, Erik Carrero, Maria Juanarena eta Haizea Muñoz abeslariak, A Tempo Abesbatza, Arkaitz Añorgako Dantzariak, Kresala Elkarteko haur danborrada eta Donostiarra Metal Boskotea jardungo dira saioan.
Emanaldiak hiriko hainbat urteurren eta gertaera gogora ekarriko ditu, horiei lotutako errepertorioaz. Hala, Peña y Goñi bera, Bilintx, Ricardo Sabadie, Raimundo Sarriegi edo Jose Antonio Santesteban gogoratuko dituzte. Halaber, 2026an 100 urte beteko dituen Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeak Gipuzkoako dantzen saioa eskainiko du.
Amaitzeko, danborrada doinuak joko dituzte parte hartzaile guztiek batera: Kresala, Kiriko eta Donostiako Martxa.
Kontzertura bertaratzerik ez dutenek Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen YouTubeko kanalean zuzenean ikusteko aukera izango dute.


