40 urte bete dira Guardia Zibilak Bakartxo Arzelus, Alejandro Auzmendi eta Luis Mari Zabaleta hil zituenetik
Bakartxo Arzelusen ehorzketa, 1986ko urtarrilean, Polloe hilerrian.Mikel Gaska/Gordegia Gaurko egunez, duela 40 urte (1986ko urtarrilaren 15ean), Guardia Zibilak Donostiako hiru gazte hil zituen, tiroz: Bakartxo Arzelus Arzelus, Alejandro Auzmendi Ilzarbe Satza eta Luis Mari Zabaleta Mendia. ETA erakunde armatuko kideak ziren hirurak, eta A-8 autobideko Donostiaren eta Pasai Antxoren arteko mugan ekintza bat egitekoak zirenean hil zituen Guardia Zibilak.
Arzelus, Auzmendi eta Zabaleta aipaturiko autobidearen puntuan zeuden gau hartan, Artxipi eta Txurdiñene baserri bideak lotzen dituen tunelaren inguruan, garai hartan abian zen Frantziako produktuen aurkako boikot kanpainako ekintza bat egiteko asmoz. Guardia Zibilak, ordea, ekintzaren berri zuen, eta euren zain zegoen.
Halako kasuetan ohikoa den moduan, bertsio ofizialaren arabera, armak erabili zituzten lehenengoak etakideak izan ziren eta Guardia Zibilak erantzun egin zuen. Senideek eta abokatuek, aldiz, nahita hiltzera egindako tiroketa bortitz baten ondorioz hil zituztela ondorioztatu zuten. Besteak beste, autopsiek agerian utzi zutelako gorpuen buruan zituztela bala zauriak; Arzelusen kasuan, baita ustez zentimetro gutxira egindako tiro bat ere.
Egia, Antigua eta Parte Zaharra
Arzelus egiatarra zen 1961ean jaioa eta auzoko mugimenduetan oso aktiboa: Amnistiaren Aldeko Mugimenduko, auzoko emakumeen taldeko eta Arrano elkarteko kidea zen, besteak beste. Haren omenezko monolito bat egon zen Iruresoro plazan, gunea eraberritu zuten arte.
Auzmendi, aldiz, Parte Zaharrean jaioa zen 1958an, baina Antiguan bizi zen eta Amaran zuen lagun taldea; San Silvestre lasterketaren antolaketan parte hartzen zuen, besteak beste. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko eta Herri Batasuna alderdi politikoko kide izan zen.
Azkenik, Zabaleta legazpiarra zen jaiotzez, baina Parte Zaharrean bizi zen. LAB sindikatuan aritutakoa zen eta kulturaren munduan ere murgilduta zegoen, poesia idazten baitzuen eta Sebastopoleko Titiriteroak txotxongilo taldearekin lanean aritu baitzen. Haren anaia, bestalde, GALen atentatu batean zauritu zuten.


