Baxurako arrantzari buruzko gune bat inauguratu dute Euskal Itsas Museoan
Euskal Itsas Museoak eta Kofradia Itsas Etxeak baxurako arrantzari eskainitako gune berri bat inauguratu dute.Kofradia Itsas Etxea Euskal Itsas Museoak eta Kofradia Itsas Etxeak baxurako arrantzari buruzko erakusketa gune bat inauguratu dute kaiko museoko ganbaran: Euskadiko baxurako arrantza. “Artisau eta baxurako arrantza, garrantzi handiko jarduera ekonomiko eta gastronomikoa izateaz gain, euskal itsas ondarearen elementu gorenetako bat da, materiala zein, batez ere, immateriala, eta, beraz, museotik bertara hurbiltzen saiatu gara beti. Ekimen honek, beraz, museoaren kultur eskaintza aberasteaz gain, euskal arrantza komunitatearekin ditugun harremanak estutzeko aukera berri bat dakar”, nabarmendu zuen Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoak.
Espazioak artisau eta baxurako arrantza ezagutzeko aukera ematen du, antolatzaileek azaldu dutenez: “Espezie nagusiak, denboraldiak, arrantza teknikak eta, batez ere, arrantza hori ahalbidetzen duten pertsonak”. Eduki interaktiboen, 3D betaurrekoen eta gailu elektronikoen bidez, bisitariek arrantza kanpaina nagusiak zeintzuk diren, itsasontzian bizitza nolakoa den eta itsasoko jendeak jasangarritasunaren alde nola lan egiten duen ezagutzeko aukera izango dute.
Inaugurazioan, sektorearekin lotura estua duten ordezkari eta eragile politikoak izan ziren, hala nola Leandro Azkue (Eusko Jaurlaritzako Arrantza, Portu eta Itsasertzeko sailburuordea), Ixone Soroa (Arrantza eta Akuikultura zuzendaria), Moises Egaña (Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko lehendakariordea), Miren Garmendia (Opeguiko zuzendaria), Amaia Ausan (Done Pedro Kofradiako idazkaria), Emeterio Urresti (Getariako Elkano Kofradiako presidentea), Josu Ezenarro Urresti (Getariako Elkano Kofradiako idazkaria), Ane Uranga (Orioko San Nikolas Kofradiako idazkaria), Jon Mujika (Orioko San Nikolas Kofradiako presidentea) eta Xabier Alberdi (Euskal Itsas Museoaren zuzendari zientifikoa).


