Zardoya eremua husteko aurreikuspenik ez dagoela deitoratu du EH Bilduk
Herrerako Zardoya eremua.Inaxio Esnaola Jon Insausti alkateak hilaren 7an iragarri zuen Herrerako Zardoya eremua husteko eta pabiloiak eraisteko agindua eman zuela. Ordutik, “zehaztasun gutxi” egon direla adierazi du EH Bilduk. Horregatik, Pertsonentzako Zerbitzuen batzordera eraman dute gaia, alkatea interpelatzeko. “Tamalez, esan behar dugu ez dela gai izan galdera sorta modu zehatz eta argi batean erantzuteko”, adierazi du udal taldeak.
Jakin ahal izan dutenez, seinalatutako eremuan dauden bost eraikinetatik hiru eraisteko baimena sinatua dago, “baina ezer ez du aurreratu epeei dagokienez”. Beste bi eraikinei dagokienez, daturik ez du EH Bilduk. “Orain arte esan dugun moduan, tamainako operazio batean, aurreikuspenez eta gardentasunez ekitea ezinbestekotzat jotzen dugu, bermeak ematen dituelako. Datak data, gaur gaurkoz jakina bada Herreran gertatuko dena, gure ardura da planifikazioa eta koordinazioa exijitzea, bertan dauden herritarrekin denboraz egin daitezen iragarri dituen ibilbide pertsonalizatuak”.
Horrekin batera, udal taldea prest agertu da ekarpenak egiteko, eskatu dituzten baldintzak ematen badira: “Planifikazioa, aurreikuspena eta herritarren duintasuna eta eskubideak erdigunean jartzea”.


