Elegante poteatuta abiatu dituzte Antiguako sansebastianak
Kuadrilla ugarik hartu dute parte aurten ere Antiguako sansebastianetako poteo elegantean.Asier Gonzalez de San Pedro San Sebastian eguna ate joka dugu, baina dagoeneko hasi da jai giroa Donostian, sansebastianak hasi baitira Antigua auzoan. Atzo iluntzean hasi ziren (hilak 16), txupinazoarekin eta poteo elegantearekin.
Auzoko eragile edo pertsona bat omentzen du urtero jai batzordeak txupinazoan, eta, aurten, Txantxarreka gaztetxea omendu dute, bertan garatzen duten Bazkari Solidarioak egitasmoarengatik. Aitortza egin eta suziriak eztanda egin ostean, plazan elegante jantzita zeuden auzotar guztiak txarangaren erritmora abiatu ziren tabernaz taberna, urteroko poteo elegante arrakastatsuan. Ibilbidean zehar, keinu berezia egin zioten 2023tik itxita dagoen Doka aretoari, hainbat auzotar “auzoak behar zaitu” zioen pankarta batekin jarri baitziren aretoaren parean.
Batek baino gehiagok gaua ederki luzatuko zuen, baina indarrak azkar errekuperatzea komeni zaie, asteburu honetarako zein hurrengorako egitarau zabala prestatu baitute; eta, tartean, San Sebastian eguna dago!
Jarraian, Asier Gonzalez de San Pedro argazkilariaren irudi bilduma ikus dezakezue:
