Gaztetxoak garaile Antiguako jaietako giza proban
Euripean izan bada ere, lehia bizian aritu dira Antiguako sansebastianetako giza proban, Istingorra kalean.Joseba Parron San Sebastian Azken urteotan errotutako ohiturari jarraituz, giza proba egin zuten larunbat arratsaldean Antiguako sansebastianetan, Sare Herritarraren eskutik, Tira eta tira etxera ekarri arte lelopean. Auzoko “gazteen” taldea “gaztetxoen” aurka lehiatu zen, eta euria indartsu ari bazuen ere, parte hartzaileek beraiek erabaki zuten jarduerarekin aurrera jarraitzea.
Eguraldia dela eta, Istingorra kalean ez zen ikuslez beste urte batzuetan bezain beste bete, baina ez ziren gutxi izan animoak ematera eta jai giroaz gozatzera bertaratutakoak, Oier Berra esatariak arratsaldea girotuta. Lehia bizia izan zen, eta, azkenean, gaztetxoen taldea gailendu zen, plaza bakarreko aldearekin: 22-23.
Antiguako San Sebastian jaiek hurrengo astean zehar ere aurrera jarraituko dute, eta hemen daukazue egitarau osoa. Horrez gain, jarraian, giza probako irudi bilduma ikus dezakezue, Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren eskutik.
