Alvaro Romero snowboarderrak Olinpiar Jokoetarako txartela lortu du
Lucas Egibar snowboarder donostiarrarekin batera joango da Romero Milan-Cortina d'Ampezzoko Jokoetara. Egibar min hartuta dago, baina ziurtatuta dauka Olinpiar Jokoetarako txartela.
Alvaro Romero snowboarder donostiarra.Basque Team Alvaro Romero Basque Teameko snowboarder donostiarrak bere lehen Olinpiar Jokoetarako txartela lortu du Dongbeiyanen (Txina) igandean jokatutako Munduko Kopan. Txapelketa horretako sailkapenean beharrezko posizioetara igo eta 35eko mozketa gainditu ondoren eskuratu du donostiarrak otsailean jokatuko dituzten Milan-Cortina d’Ampezzoko Jokoetarako pasea. Zehazki, 21. postuan bukatu zuen Txinako lehiaketan, final-zortzirenetan kanpoan geldituta; hori nahikoa izan zen helburu olinpiarra lortzeko.
Lortutakoarekin pozik agertu da Romero: “Lau urte oso gogorren ondoren, gaur esan dezaket hilabete barru nire lehen Olinpiar Jokoetan izango naizela. Dibertimenduz soilik eskiatzen hasi zen haur hori Munduko gizonik zoriontsuena da gaur”.
Lucas Egibar min hartuta
Romero ez da Milan-Cortina d’Ampezzoko Olinpiar Jokoetan lehiatuko den snowboarder donostiar bakarra, Lucas Egibar ere bertan izango baita. Egibar ez zen lehiatu igandean, aurreko egunean izandako eroriko baten ostean min hartuta dagoelako. Hala ere, ziurtatuta zuen Olinpiar Jokoetarako txartela, eta ordurako osatuta egongo dela aurreikusten dute.
