Dominak banatuta, ordu gutxi falta dira festa handirako
Jaso dute 2026ko Hiritar Merezimenduaren Domina Jose Felix Martik, Casa Otaeguik, Emma Larretak, Cebancek eta Josetxo Fuentesek, ekitaldi hunkigarri batean.
Hiritar Merezimenduaren Dominak jaso dituzte, udaletxeko areto nagusian.Donostiako Udala Emozioz bor-bor zegoen udaletxeko pleno aretoa astelehenean, Hiritar Merezimenduaren Dominen banaketa hasi aurretik. Egun handia da gaurkoa, eta nabarmen ilundu da Adamuzeko tren istripua (Kordoba, Espainia) dela eta. Horregatik, ekitaldia minutu bateko isilunearekin hasi da.
Horren ostean Iñigo Gastesi aktoreak egin ditu zeremonia gidaritzak eta Jon Insaustik egin du alkate denetik bere lehen domina banaketa. Insaustik nabarmendu du sansebastianzale amorratua dela, eta ordu berezi hauek “barrua pizten” dioten moduan, etorkizunari keinu egin dio: “Datorren Donostiak ilusioz betetzen nau”. Etorkizuneko Donostia hori herritarren ekimenarekin lotu du, eta hori eskertu die sarituei: herritarrentzako eredu izatea.
Jose Felix Marti mediku eta boluntario
Jose Felix Marti Masso neurologoaren kasuan, nabarmendu dute medikuntza ez dela diziplina teknika huts bat: komunitatearekin konpromiso bat baizik. Osakidetzako medikuak, Aubixako lehendakaria, Pedro Miguel Etxenike eta beste hainbestek esker hitzak izan dituzte berarentzat.
Lehenengo hitzak euskaraz egin ditu, baina gainontzean gazteleraz egin du, gainontzeko saritu guztiek moduan: “Donostia da nire adopzio hiria eta beti hartu nau abegikor”. Edurne emaztea eta bere ama izan ditu besteak beste gogoan, lehenengoak bizitza partekatzeagatik eta, bigarrena, “munduko pertsonarik zoriontsuena izango zelako gaur”.
Ospitaleko lankideei eskaini dizkie esker hitzak: “Asko ikasi dut zuen ondoan. Harro egoteko moduko sistema sanitario bat dugu”. Ekarpen zientifikoa egiteaz harro dagoen arren, laneko gauzarik hoberena “pazienteekin harremana” dela dio: “Eta sari honek erakusten du alde bikoa dela”.
“Gizarteari itzuliko diot niri eman didana”. Erretiratu denetik boluntario lanak egiten ditu Nagusilanen zein Aubixan, eta gonbidapena luzatu die erretiratu guztiei “boluntario lanak norbere burua zaintzek bide bat dira”.
Otaegiren gozoa
Iñigo Otaegik jaso du Casa Otaegui gozotegiaren saria, familia guztiaren izenean. “Herritarrei loturik, beti izan gara familia-negozioa, artisau lana balioan jarri. Gipuzkoar erara”. Hiru emakumeri eskaini die saria: “Emiliana Malkorra 1920ko hamarkadan oinarriak jarri dituena eta pantxinetaren sortzailea. Koro Otaegi, izeba, anaiekin garatu zuena negozioa. Eta Maria Otaegi, lehengusina [bertaratzeko deia egin dio]: berak erakutsi dit proiektu honen kalitatea, eta bere eskuzabaltasunari esker daramat domina nik”.
“140 urte betetzen ditugu aurten. Eta hiriarekin dugun konpromisoa mantenduko dugu: 150. urteurrenera goaz” amaitu du hitzartzea pozarren.
Etorkizunean begia
“Bizitza opari baten moduan” ikusten du Emma Larreta ekintzaile feministak. Eta ez da gutxiagorako. Bere senar ohiak hilzorian utzi ostean, bizitza berreraiki eta ilunetik argia ateratzeko adorea izan du; ingurunean hezkuntza proiektu ikusgarriak sortuz.
Etorkizunean du begirada Larretak eta gaztetxoekin egiten du lan: “Oinarri sendoak jartzea; nork bere burua errespetatzea eta maitasunez egitea. Bizitzak bigarren aukera bat eman zidan eta pozik ari naiz ordaintzen bidesaria”. Harro dio “ikusezinen ejertzito bat ari direla sortzen, etorkizun hobe bat eraikitzeko”.
Cebanc eta eguneroko konpromisoa
Paloma Enriquez zuzendari gerenteak jaso du domina Cebancen izena: “Ohore bat da, erakunde publikoen konpromisoaren erakuslea, pertsonen ereduarena eta ondasun komunarena”.
1975ean sortu zen Parte Zaharrean eta, beti, “herritarren zerbitzura”: formazioa behar duten gazteak, sakondu nahi duten helduak eta garatu nahi diren enpresak, denak izan dituzte bidelagun. “Donostia ez da eraikitzen ekintza handiekin soilik, baizik eta eguneroko konpromiso isil, gizatiar eta iraunkorrarekin. Pertsona askorentzako saria da”, amaitu du.
Josetxo Fuentesen dantzak
Lorezainen konpainiak hartu du batzar aretoa, alegria pixka bat gehituz ekitaldiari. Izan ere, Josetxo Fuentes izan zen konpainiarentzako dantzak sortu zituena. Alkateari txapela bat eman dio gainera, amaiera informalago bat sortuz.
Eskola dantza taldeko presidente eta koreografoa izan da urte luzez. Halaxe definitu dute bere kideek: “harakina eta sortzailea. Beti zerbait berria pentsatzen. Dibertigarria eta zorrotza”.
Hunkiturik, esker hitzak izan ditu bertaratutako guztientzat, eta onartu du inauterizale amorratua dela, Tolosatik baitatorkio odola, eta horri esker, guk ere oroitu dezagun San Sebastian eguna, azken finean, horixe dela: inauterien hasiera.
Irudi bilduma osoa jarraian ikus dezakezue:





