Hamar urte, bandera igoeran txistu egin ziotenetik Europako Batasunaren ereserkiari
2016ko San Sebastian eguneko bandera igoeran oso presente egon zen Europako bandera.Argia Donostiaren historia garaikidean, onerako edo txarrerako, garrantzitsua izan zen 2016. urtea, Europako Kultur Hiriburutza hartu baitzuen urte hartan hiriak. Hamar urte pasatu dira ordutik, eta, hain zuzen ere, Donostia San Sebastian egunaren bezperan dagoen honetan, bada gaur urteurren borobil bat.
Izan ere, Donostiaren Europako Kultur Hiriburutza hasten zela baliatuz, Plaza Berriko bandera igoeran Europako Batasunaren ereserkia jo zuten. Kultur Hiriburutzak, ordea, aldeko asko zituen donostiarren artean, baina baita kontrako eta kritiko asko ere. Hori argi gelditu zen une hartan, ereserkiak txistualdi masiboa jaso baitzuen Plaza Berrian zeuden ehunka pertsonaren partetik, gogoratzeko une bat utziz. Argia astekariak eman du efemeridearen berri, bere Efemerideen Kanalean.
Nola ospatu zenuten zuek duela hamar urteko San Sebastian egun hori? IRUTXULOKO HITZAk, urtero egiten duen moduan, egunaren berri luze eta zabal eman zuen orduan ere, eta hemen ikus ditzakezue 2016ko bandera igoera hartako argazkiak eta bideoa.
