Irati Mitxelenak bere inoizko marka onena egin du Gipuzkoako txapelketan
Irati Mitxelena Tarragonako txapelketan egindako jauzietako batean.
RFEA / SPORTMEDIA Donostiak Atletikoko Irati Mitxelena atletak bere ibilbideko marka onena egin du asteburuan Belodromoan jokatutako Gipuzkoako txapelketan. Donostiarra luzera jauzian onena izan zen 6,76 metroko jauzia erdietsita eta berea zen Gipuzkoako errekorra hobetu zuen. Halaber, denboraldiko munduko sailkapenean hirugarren kokatu da, Larissa Lapichino italiarraren (6,93) eta Sophia Beckmon estatubatuarraren (6,81) atzetik.
Torum-en jokatuko duten Pista Estaliko Munduko Txapelketarako gutxieneko marka, 6,75, hobetu bazuen ere, tamalez, Gipuzkoako txapelketa ez da horretarako puntuagarria. Hortaz, Poloniarako txartela lortzeko ofiziala den beste batean berretsi beharko du marka. Asteburu honetan Salamancan lortzen ahaleginduko da.
