San Sebastian egunean hiritik mugitzeko eta danborradak ikusteko informazio erabilgarria
Kale itxierak, TAO zerbitzua, zabor bilketa, danborraden ordutegiak... San Sebastian egunean hiritik mugitzeko behar duzun informazio guztia, kontsultagarri.
2025eko San Sebastian eguneko bandera igoera.Jon Xabier Zabala Donostia 24 orduko jai giro etengabean murgiltzear den honetan, komeni jakitea auzoz auzoko helduen danborradak, haur danborrada edo ekitaldiak direla eta, hirian egongo diren aldaketak eta neurri bereziak. Horrez gain, asko eta asko dira gauez zein egunez hiriko txoko gehien-gehienetatik ibiliko diren danborradak, eta hemen kontsultatu ditzakezue ordutegiak.
Alde batetik, hainbat izango dira San Sebastian egunean zehar egingo dituzten kale itxierak: goizean zehar, Erdialdeko kaleetan, haur danborrada dela eta, egunean zehar, helduen danborradak direla eta, Erdialdean, Grosen, Amara Berrin, Parte Zaharrean eta Antiguan. Ildo beretik, lurpeko aparkalekuen ordutegietan aldaketak egingo dituzte eta aparkatzeko baimena emango diete TAO baimena duten ibilgailu guztiei eta kaiko egoiliarrentzako aparkaleku txartelarekin identifikatutako ibilgailuei araututako hiriko gainerako sektoreetan libreki aparkatzeko, urtarrilaren 16tik 22ra, biak barne. Horren guztiaren inguruko informazio zehatza hemen kontsultatu dezakezue.
Bestetik, Dbusek eta Euskotrenek zerbitzu bereziak eskainiko dituzte San Sebastian egunean, Ekialdebus eta Lurraldebus konpainien autobusen geralekuak aldatu egingo dira eta aipaturiko kale itxierek irauten duten bitartean, zerbitzuz kanpo egongo dira Bulebarreko, Idiakez kaleko eta Askatasunaren hiribideko taxi geltokiak; Askatasunaren hiribideko lehen etxadi bikoitian kokatuko dira taxiak, Okendo kalearen eta Santa Katalina zubiaren artean.
Era berean, eraso sexisten aurkako informazio eta arreta puntu morea jarriko dute aurten ere San Sebastian egunean. Bulebarreko kioskoan irekita egongo da, urtarrilaren 19ko 20:00etatik 00:00etara.
Garbiketa dispositibo berezia
Jende pilaketak dauden egunetan zabor pilaketa handiak egoten dira, eta, beraz, San Sebastian egunerako garbiketa dispositibo berezia prestatu du aurten ere Donostiako Udalak: “Goizeko txandaren garbiketa zerbitzua 05:00etan hasiko da lanean, eta 11:00etan amaituko du lanaldia, iazko giza baliabideen eta baliabide materialen ia banaketa berdinarekin, jai gauaren ondoren hiria ahalik eta denbora laburrenean normaltasunera itzul dadin”, azaldu du Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak.
Hain zuzen ere, goizeko txandaren garbiketa zerbitzuak 46 langile izango ditu guztira, ohiko igande edo jaiegun batean baino lau aldiz gehiago. Zehazki, giza operatiboa honako hauek osatuko dute, udalak azaldu duenez: bost eroale, zortzi peoi makinista, bost peoi gidari eta 28 peoi. Gainera, hemezortzi bitarteko mekaniko erabiliko dituzte, besteak beste: biltzeko hiru kamioi, bi zisterna, espaloiak autobaldealizatzeko makina bat, zazpi ekortzeko makina, fatxadak garbitzeko furgoi bat eta lau ibilgailu osagarri.
Zerbitzua indartuko dute bereziki Erdialdean eta Parte Zaharrean, baina baita Gros, Antigua, Altza eta Intxaurrondo auzoetan. Horrela, “guztira 12.000 kilo hondakin inguru” biltzea aurreikusten du udalak, “iaz erregistratutakoaren antzeko kopurua, orduan hamaika tona baino gehiago izan baitziren, gau osoan zehar kaleetan jende asko bildu zelako”, gaineratu dutenez.
