Sebastian bat bada zeruan... eta Anoetan
Carlos Soler, Sergio Gomez eta Mikel Oiartzabal, kapitainaren gola ospatzen, Bartzelonaren aurkako partidan.Reala Sebastian santua izango zen, Matarazzoren lorea edo, besterik gabe, zortea, baina, behingoagatik, dena alde eduki zuten Realeko mutilek igande gauean Anoetan, Bartzelonaren aurkako partidan. Katalanak izan ziren nagusi jokoan neurketa osoan zehar, hiru gol eta penalti bat baliogabetu zizkien epaileak —Realari gol bat baliogabetu zion, baita ere—, baloia zutoinetara bidali zuten hainbat jaurtiketatan eta Carlos Soler txuri-urdinak txartel gorria ikusi zuen azken minutuetan, baina, hala ere, garaipena etxean gelditu zen: 2-1.
Mikel Oiartzabalek egin zuen lehenengo gola, 32. minutuan Guedesen erdiraketa bat bikain errematatuta; ordurako, Bartzelonaren bi gol (Fermin eta Yamal) baliogabetuta zeuden, baita Oiartzabalen bat ere. Bigarren zatiaren azken erdian, ordea, bazirudien azkenean zortea aurka edukitzen hasiko zela Reala, Rashfordek berdinketaren gola egin baitzuen buruz 70. minutuan. Ederki erreakzionatu zuen, aldiz, etxeko taldeak, hurrengo jokaldian sartu baitzuen 2-1-ekoa Guedesek, area barruan errebote bat boleaz sarera bidalita. Hortik aurrera, urduritasuna izan zen nagusi harmailetan, Bartzelona etengabe joan baitzen erasora, baina epaileak bederatzi minutuko luzapena emanda ere, ez zuten lortu golik egitea eta garaipena etxean gelditu zen. Sinestezina. San Sebastian egunaren atarian, donostiarrek eduki zuten zer ospatu, horixe baietz.
Futbolarekin jarraituz, bestalde, Realeko neskek garaipen oso garrantzitsua eskuratu zuten Sevillaren etxean, 0-2 irabazita. Sullastresek bere atean sartu zuen lehena 61. minutuan eta Nerea Eizagirre kapitainak bigarrena 72.ean, hiru puntuak ziurtatzeko. Horrela, Txapeldunen Ligara sailkatzeko postuetan sendo jarraitzen dute txuri-urdinek.
Saskibaloian, porrotak eduki dituzte asteburuan Ibaeta Basketeko neskek zein Gipuzkoa Basketeko mutilek. Ibaeta Basketek porrot mingarria jaso zuen sailkapenean beheko postuetan dagoen Joventuten etxean, garaipen bolada moztuz. Gipuzkoa Basketek ere garaipen bolada esanguratsua bukatu du asteburuan, Menorca aurkari zuzenaren etxean galduta.
Azkenik, izotz hockeyan ere porrotak eduki dituzte asteburuan talde donostiarrek. Txuri Urdineko neskek Majadahondaren etxean 2-1 galdu zuten, eta mutilek, aldiz, Jacaren etxean 3-1. Horrela, bi taldeak sailkapeneko laugarren postuan daude, taularen erdialdean.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 20. jardunaldia
- Reala 2 – Bartzelona 1
Emakumezkoen liga, 16. jardunaldia
- Sevilla 0 – Reala 2
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 17. jardunaldia
- Joventut 70 – Ibaeta Basket 57
Gizonezkoen bigarren maila, 17. jardunaldia
- Menorca 71 – Gipuzkoa Basket 64
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Majadahonda 2 – Txuri Urdin 1
Gizonezkoen liga, 15. jardunaldia
- Jaca 3 – Txuri Urdin 1
