Urrezko Danborra jaso du Xabier Anduaga tenoreak
Jon Insausti alkatea eta Xabier Anduaga tenorea, Urrezko Danborraren ekitaldian.Nagore Garmendia Donostiako sari gorena dagoeneko Xabier Anduaga tenore handiaren eskuetan dago. San Sebastian eguna ondo hasi zuen bart donostiarrak, bandera igoeran Plaza Berriko oholtzan abestuta, eta are hobeto pasatu du goiza, Urrezko Danborra jaso baitu udaletxeko ekitaldi hunkigarrian.
Udaleko Txistulari Bandak Union Artesana elkarteko danbor eta upel jotzaileekin batera ireki du ekitaldia, eta Jon Insausti alkatearen hitzartzearen ostean, Anduagaren ibilbidea errepasatzeko bideoa proiektatu dute, haren gertukoen, Anduagaren beraren zein opera adituen adierazpenak zituena. Alkateak nabarmendu du Anduaga “donostiarren erreferente gazteen ordezkari gorena eta ispilua” dela, besteak beste. Bitxikeria gisa, Insaustik hitz egiten zuen bitartean, danborrari bat ondoezik sentitu da eta aretotik atera behar izan dute.
Xabier de la Maza kronista eta Anduagaren jarraitzaileak hartu du hitza jarraian, eta Anduagaren figura eta bere lana goraipatu ditu, diskurtso hunkigarri batekin. Hitzartze horretan ere bitxikeria bat bizi izan da, danborrari baten mugikorra zarata ateratzen hasi baita amaieran.
Horren ondoren, orduan bai, Urrezko Danborra jaso du tenoreak Insaustiren eskutik, ohiko legez, txistulariek eta Union Artesanakoek Iriyarena jotzen zuten bitartean. Ezusteko eder bat ere izan du ekitaldiak Anduagarentzat, Donostiako Orfeoiko kideek abesti bat eskaini baitiote jarraian. Nabarmen hunkituta hartu du hitza Anduagak, eta lehenik eta behin, esker oneko hitzak eduki ditu bere familiarentzat, baita nabarmendu ere “bihotza esker onez eta erantzukizunez” beteta duela.
Donostiak bere bizitzan duen garrantzia goraipatu du tenoreak bere hitzetan: “Donostia ez da soilik jaio nintzen lekua, mundua begiratzeko ikasitako modua da. Hemen ulertu nuen gauza garrantzitsuak poliki eraikitzen direla, zaratarik gabe, hain gurea den irmotasunezko eta soiltasunezko nahasketa horrekin”. “Artista gisa naizen guztia pertsona gisa jaio zen lehenik, gure kaleetan, bizitza ulertzeko modu honetan. Hemen ikasi nuen handikeriarik gabe aurrera egiten duenaren umiltasuna, diskrezioaren balioa eta talentuak soilik zentzua duela esfortzuarekin batera baldin badoa”, gaineratu du.
Ibilbide oparoa
Xabier Anduaga opera eta zarzuela tenor donostiarra da, eta mundu mailan gehien eskatzen eta errespetatzen denetako bat bihurtu da. 8 urterekin hasi zen Donostiako Orfeoian abesten, eta 15 urterekin bakarlaria zen. Gainera, Musikene Goi Mailako Musika Eskolan ikasi zuen 2014tik 2018ra.
Nazioarteko aintzatespenak ditu, hala nola operako zein zarzuelako lehen saria, Pragan 2019an egindako Operalia lehiaketakoa, edo International Opera Worlden lehen saria, 2020ko Abeslari Gazte Onenaren kategorian. Gainera, Opera Actual aldizkariaren saria jaso zuen, 2021eko espainiar interprete gazterik oparoena izateagatik, eta 2022an lehen errezitaldia eman zuen Zarzuela Antzokian, Giulio Zappa pianistak lagunduta. Gaurtik aurrera, bere palmaresari Donostiako Urrezko Danborra gehitu dio.
