Alboka taberna danbor eta upel hotsez omendu dute, itxi berritan
Alboka taberna, artxiboko irudi batean.Mindtrip Ia mende erdiko ibilbidea eginda, Jon Martinez Ona amaratarrak joan den asteburuan itxi zuen Easo kaleko Alboka taberna historikoa. Oraindik ez da ziurra itxiera behin betikoa izango ote den, tabernaren ardura hartzeko interesa agertu duten pertsona batzuk baitaude, baina, momentuz, urte luzez donostiar askoren aterpe izan den tabernari agur esan dio Amara auzoak eta Donostia osoak.
Hain zuzen ere, Amarako Kirol Elkartea danborradak tabernaren aurrean egin zuen geldialdia hilaren 19tik 20rako gauean, Martinez bera han zela, Alboka omentzeko; behean ikus dezakezue bideoa.
1978tik irekita
Alboka taberna 1978an ireki zuten, eta izaera propiodun taberna izateaz gain, tokiko kulturaren aterpe ere izan da: “Gogoan dut 1970 eta 1980ko hamarkadetan, herri askotan ireki zirela horrelako tabernak, ohikotik ateratzen zirenak. Eta lana ere bazen arren, baina gehiago zeukan: lagunak biltzeko lekuak ziren, musika entzuteko, erakusketak egiteko, liburuak aurkezteko, kontzertu solidarioak egiteko, poesia errezitaldiak… Gauza asko egin dira hemen, baita Mintzalagun praktikak ere”, azaldu dio Martinezek egunotan Argia hedabideari.
LGTBI komunitatearentzako leku kutuna izan dela nabarmendu zuen Martinezek aipaturiko hedabidean: “Bereziki aipatu nahi nuke, eta oso harro gainera, gay eta lesbianen komunitatea biltzeko leku garrantzitsua izan dela leku hau. Hasierako garai haietan ez zen erraza horrelako lekuak aurkitzea, eta duela urte batzuk fatxadan hori aitortuz plaka bat jarri zidatenean, izugarrizko ohorea sentiarazi zidaten”.
Horrela, “harro eta pozik”, bere Albokaren ibilbidea amaitutzat eman du Martinezek, beste norbaitek tabernaren ardura hartzeko itxaropenarekin. Aterpe izango den izaera propiodun taberna bat bizirik mantentzea albiste bikaina litzateke Amararentzat eta Donostiarentzat.
