«Historiarako egun bat» izan da aurtengo San Sebastian eguna
Aurtengo urtarrilaren 20ko balorazioa egin du Jon Insausti alkateak, eta “bereziki hunkigarria, jendetsua eta eredugarria” izan dela esan du.
Plaza Berria goraino bete da mendeurreneko banderaren igoeran.Xalba Ramirez Hiriko festarik handienak eman ditu, dagoeneko, emaitzak; 2026ko sansebastianen balorazioa egin dute udaletxean eta aurtengoa “hunkigarria, jendetsua eta eredugarria” izan dela nabarmendu du Jon Insausti Donostiako alkateak.
Efemeridez jositako urtea izan da, aurtengoa; nagusiena, mendeurrenaren bandera igo eta jaitsi duela Insaustik, eta 100 urte horien ospakizuna “bikaina” izan dela esan du. Hala, “historiarako geratuko den egun baten” gisan baloratu du alkateak: “Gure festa handia kantatu, dantzatu eta bizitu egin dugu, donostiar guztion arteko bizikidetza osasuntsua bermatuz, umorez eta alai”. Horregatik, hiritarrak zoriondu nahi izan ditu, eta eskerrak eman, eguna “zoragarria” izatea ahalbidetzeagatik.
Hamabietan, kanpaiak
Goraino betetako Plaza Berria, ahots bateratuak. Xabier Anduaga tenoreak —aurtengo Urrezko Danborra jaso du— Donostiako Orfeoiarekin kantatutako San Sebastian Martxa. Gaztelubideren danbor eta upel hotsak. Hiriko gainontzeko danborrada guztien ordezkariak oholtza gainean, denak bat eginda. Hirian, hiria egin zuten astelehen gauerdian.
167 danborradek hartu zuten hiria 24 orduz, eta, “historiako danborradarik parekatuena” izan dela adierazi du alkateak. Horien arrakastaz gain, bereziki, Haur Danborrada goraipatu nahi izan du, belaunaldiz belaunaldi kaleak hartzeak duen xarmarengatik.
Dominak eta Urrezko Danborra
Astelehenean (hilak 19) banatu zituzten aurtengo Hiritar Merezimenduaren Dominak —Jose Felix Marti, Casa Otaegui, Emma Larreta, Cebanc eta Josetxo Fuentes izan dira omenduak—, eta San Sebastian egunean, atzo, Urrezko Danborra jaso zuen Xabier Anduaga tenore donostiarrak. Horien guztien “lana eta konpromisoa” bi ekitaldi “hunkigarrietan” saritu zuten.
Festaren amaiera
Amaiera, “solemnea”. Emozioa eta sentimendua aipatu ditu Insaustik bandera jaitsieraren ekitaldia deskribatzeko. Berriro plaza bat lepo, berriro oihu bateratuak. Berriro San Sebastian Martxa hunkigarri bat.
Laburbilduz, “jai segurua, partehartzailea eta emozioz betea” dela adierazi du, “harrotasuna eta sentimendua” goraipatuz.
Jarraipen zabala egin dio IRUTXULOKO HITZAk egunari, eta hemen duzue eduki guztia, ikusgai.
