Kalapiek 38 bizikleta eman dizkie Harrera Sarea eta Cear Euskadi erakundeei
Kalapiek bizikleten bilketa solidario baten bidez jasotako 38 bizikleta eman dizkie Harrera Sarea eta Cear Euskadi erakundeei. Bi erakundeek pertsona migratzaile eta errefuxiatuekin egiten dute lan, haien harrera eta gizarteratze prozesuetan lagunduz.
Emandako bizikletak baliagarriak izango dira erakundeek artatutako pertsonen eguneroko joan-etorriak errazteko, eta horrela, “autonomia handiagoa izatea eta hezkuntza zein lan aukeretara sarbidea erraztea” ahalbidetuko dute, Kalapieren ustez.
Bizikleten entrega Kalapieren lokalean egin zuten, merienda goxo batekin, eta bertan Kalapiko kideek eta bizikletak jaso zituzten pertsonek elkarrekin tarte atsegina partekatu zuten.
Dohaintza honen bidez, Kalapiek azpimarratu nahi izan du “bizikleta ez dela garraiobide hutsa”, baizik eta gizarte eraldaketarako tresna garrantzitsua.


