Merkatari eta ostalarientzako euskara ikastaro bereziak otsailetik ekainera izango dira
Euskararen ordenantzari esker, euskarazko errotuluak ugaritu dira hiriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan. Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak urtean bitan antolatzen ditu hiriko merkatariei eta ostalariei zuzendutako euskara ikastaro bereziak: otsailetik ekainera eta urritik abendura. Otsailaren bigarren astean hasiko den ikastaroan izena emateko epea, hain justu, zabalik izango da urtarrilaren 30a bitartean.
Ikastaroak 60 ordukoak izango dira eta ikasle bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu. Interesdunek online eman ahal izango dute izena Euskara Zerbitzuaren webgunean edota aurrez aurre Euskara Zerbitzuaren bulegoan bertan (Plaza Berria, 2). Ikastaroa hiriko euskaltegietan emango da: AEK, Ilazki, Hitzez, Legazpi 6, Urrats eta Urumea.
2025ean, guztira, 128 merkatari/ostalarik egin zuten udalak antolatutako ikastaroa. Horietatik 67 lagun aritu ziren otsaila-ekaina bitarteko ikastaroan eta 61 lagun, berriz, urritik abendura bitartekoan. Eta, 128 lagun horiekin, guztira, hamahiru talde osatu ziren: zazpi otsailean eta sei urrian.
Hasiera maila eta jarraipenekoa
Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin, San Sebastian Shops-ekin eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan antolatzen ditu udalak merkataritza eta ostalaritza sektoreetako profesionalei zuzendutako euskara ikastaroak.
Ikastaro horien azken helburua da jendaurreko zerbitzua euskaraz emateko ulermena nahiz gaitasuna lortzea eta, horrenbestez, bezero euskaldunei arreta hobea eskaintzea. Horretarako, batetik, hasiera mailako ikastaroak eskainiko dira eta horietan zerbitzua euskaraz ematen hasteko oinarrizko komunikazio gaitasuna landuko da. Eta, bestetik, jarraipen mailako ikastaroak ere izango dira, bezeroekiko harremanetan nahiz, oro har, laneko harremanetan euskara erabili ahal izateko.


