Ainhoa Albisu 'Berria'-ko langilea zendu da
Ibilbidea luzea egin zuen Ainhoa Albisu donostiarrak euskal prentsan, 'Euskaldunon Egunkaria'-n lehenengo eta 'Berria'-n ondoren. 'Egunkaria auzian' auzipetu zutenetako bat izan zen.
Ainhoa Albisu donostiarra (erdian, pankarta eusten), 2008an, 'Egunkaria auzia' salatzeko elkarretaratze batean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.Mikel Goñi / Irutxuloko Hitza Ainhoa Albisu Berria egunkariko langilea hil zen atzo, hilak 21, ondoez baten ostean, Berria-k argitaratu duen informazioaren arabera. Parte Zaharrekoa zen Albisu, eta euskal prentsan ibilbide luzea egin zuen, Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n; diseinu taldean aritu zen lehenengo, eta administrazio lanetan orain arte.
2003an Guardia Zibilak indarrez Euskaldunon Egunkaria itxi ostean, Egunkaria auzian auzipetu zuten Albisu, auzi ekonomikoan zehazki, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarenarekin batera. Bederatzi urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen epaileak Albisurentzat. Berarekin lanean aritu zirenek Berria-ri azaldu diotenez, “langile fina” eta “militantea” zen.
Egunkaria auziko auzi ekonomikoa 2014an itxi zuen behin betiko Gipuzkoako Auzitegiak, hasi eta hamaika urtera. Horren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Plakarekin aitortu zuen Euskaldunon Egunkaria-k egindako lana, eta Albisu izan zen sari hori jaso zuenetako bat.
