Bi lagun atxilotu dituzte dokumentuak faltsutzea egotzita
Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen asteartean dokumentazio faltsua eramateagatik. Patruila bat ikustean norabidea aldatu zuten hiru lagun identifikatu zituzten ertzainek. Batek, bere NANa erakutsi zuen, beste batek pasaportea, eta hirugarrenak gertu aparkatutako autoan zuela. Azaleko miaketa egin zieten eta pasaportea zeraman gizonari jakaren poltsikoan beste pasaporte bat topatu zioten: herrialde berekoa zen, bere argazkia zuen, baina lehen pasaportekoa ez zen beste izen batekin. Halaber, izen bereko nortasun agiri bat ere atzeman zioten.
Jarraian, ibilgailua miatu zuten, eta bertan, dokumentaziorik ez zuen gizonaren jatorrizko dokumentazioa topatu zuten. Zorrotzago miatu zuten, eta lagunari bezala, Europako beste herrialde bateko pasaporte bat aurkitu zioten, bere izenarekin, baina jatorrizko dokumentaziokoa ez zen beste izen batekin. Dokumentazioa eta pasaporteak faltsuak izan zitezkeelakoan, eta “ezkutatzeko asmo argia zutela ikusita”, bi lagunak atxilotu zituzten dokumentuak faltsutzea leporatuta.
Atxilotuak ertzain etxera eraman zituzten eta konfiskatutako dokumentazioa Ertzaintzako Polizia Zientifikoak aztertuko du, faltsua den jakiteko.
