Donostiako LABen ordezkariek martxoaren 17ko greba orokorrerako deia egin dute
Donostiako LAB sindikatuko ordezkariak.LAB Martxoaren 17ko greba orokorra lantzeko eskualdeko ordezkarien batzarra egin du Donostiako LAB sindikatuak, datozen asteetan lantokiz lantoki “grebaren lanketan sakontzeko unea” izango baita. “Euskal langileontzat gutxieneko soldata propioa lortzeko eta, oro har, soldatak hobetzeko aldarrikapenarekin lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia egiten dugu”, adierazi dute.
Grebarako arrazoiak ez direla falta nabarmendu dute: “Bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke. Kantitate horren herena nahikoa litzateke gutxieneko soldata bermatzeko”.
Egoera horri aurre egiteko, “Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata” behar dela dio LABek: “Gaur egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen. Horregatik, Greba Orokorrera goaz.Patronalak uko egin dio gutxieneko soldata negoziatzeari. CENek eta Confebaskek uko egin diote lanbidearteko akordioa adosteko mahai bat eratzeari. Era berean, Herri Ekimen Legegilearen (HEL) bideari bizkarra eman dio EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta VOX bidelagun hartuta, baztertu egin du 138.495 herritarrek babestutako HELa. Aurrez pentsiodunen HELarekin gauza bera egin zuten”.
Eremu pribatuan eta publikoan, langileen soldatak “etengabe erasotzen” ari direla salatu dute. “Orain, absentismoaren mantrarekin datoz murrizketa berriak inposatzera. Beraz, greba orokorrarekin langileon indarra erakutsiko dugu: 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko; arrakala matxista eta arrazistak murrizteko; soldata guztiak gorantz bultzatzeko; enpresaz enpresa eta sektorez sektore soldatak hobetzeko; gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzeko; sortzen dugun aberastasuna justuago banatzeko; soldatak hemen erabakitzeko, eremu pribatuan zein publikoan; eta Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko. Burujabetza handiagoa behar dugu lan eta bizi baldintzak hobetzeko”.
