Kirol materiala mailegatzeko proiektua probatuko dute Bentaberri eta Intxaurrondoko kiroldegietan
Egitasmoaren arduradunak aurkezpeneko irudi batean.Gipuzkoako Foru Aldundia Udalak eta aldundiak Trainout izeneko kirol materiala mailegatzeko proiektu pilotu bat abian jarri dute Bentaberriko eta Intxaurrondoko kiroldegietan. Helburu du kontsumo arduratsua sustatu eta kirola egiteko baliabideak eskuratzeko erraztasunak ematea, eta ekonomia zirkularrarekin bat datozen erabilera partekatuko ereduetarantz aurrera egitea.
Noizean behin erabiltzen diren objektuen banakako kontsumoaren ordezko aukera bat ematen du, objektuak erosi eta metatu beharrean, erabilera partekatua sustatuz. Honen bidez, kirol materiala erosi beharrean, erabiltzaileen eskura jarriko dute kirola egiten den lekuetan bertan, “beharrezkoak ez diren erosketak murrizteko” eta, era berean, material faltagatik inork jolasteari edo kirola egiteari utzi beharrik ez izateko. Gainera, espazio publikoak aktibatzeko eta dinamizatzeko tresna bat da, kirol eredu “irekiagoa, iraunkorragoa eta herritarrengandik hurbilagoa sustatzen duena, eta bizimodu osasungarriagoa bultzatzen duena”.
Trainout gailu mugikorretarako aplikazio batera konektatutako kirol ekipamendu estazio adimendunen sistema bat da. Horri esker, edonork eskura dezake kirol materiala espazio publikoetan, hala nola parke, hondartza edo kirol eremuetan, nork bere ekipamendua erosi edo etxetik eramaten ibili gabe. Funtzionamendua erraza da: erabiltzaileak estazioa topatu, materiala desblokeatu, erabili, eta ondoren, prozesu gidatu bati jarraituz itzultzen du. Ekipamendua doan erabil daiteke lehen 90 minutuetan eta kokapen bakoitzari egokitutako materiala egongo da eskura, esaterako, baloiak, palak, pisuak eta atari zabaleko jarduera fisikorako beste elementu batzuk.
App-a Sustainable Smart Solutions Donostiako enpresak garatu du, eta aldundiak 15.000 euro bideratuko ditu horretara. Ebaluaziotik abiatuta, Gipuzkoako beste auzo, udalerri eta hiri batzuetara hedatzeko aukera aztertuko dute, kontsumo eredu arduratsuagoak, eskuragarriagoak eta eraginkorragoak lortzera bideratutako politika publikoen barruan.
