Xabi Alonsoren txaletaren sarbidearen inguruko salaketa artxibatu du Fiskaltzak
Txalingo txaleta bera "ilegala" zela ebatzi zuen epaiaren inguruko errekurtsoak argitu behar dira oraindik, luxuzko etxea botako duten edo ez erabakitzeko.
Txalingo txaleta, Igeldon. Donostiako Fiskaltzak artxibatu egin du Xabi Alonso futbol entrenatzaile tolosarraren Igeldoko Txalin eremuko txaletaren sarbidearen inguruko salaketa. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Ekologistan Martxan elkarteak iazko udan aurkeztu zuten Donostiako Udalaren eta Alonsorekin lotura estua duen Tavaro XXI enpresaren aurkako salaketa, “prebarikazioagatik”. Salaketa hori gehiago zabaldu zuten urrian, dokumentazio gehiago aurkituko zutelako.
Salaketa “prebarikazioagatik eta ondasun publikoen usurpazioagatik” jarri zuten, luxuzko txaletaren jabeei leporatuta inguruko bide bat erabiltzeko baimena iraungita egonda ere erabiltzea: “Salaketa jarri dugu Txalingo ur biltegira sartzeko bidearen erabilerari dagokionez, Igeldon, nahiz eta zegoen baimena, legezkotasun zalantzagarria duena, 2025eko martxoaren 21ean iraungi den eta luzaezina den”, azaldu zuten iazko udan.
Salaketa artxibatzeko, hainbat hedabidek iturri juridikoak aipatuta azaldu dutenez, Fiskaltzak argudiatu du argitu egin behar dela galtzada hori erabilera publikokoa izango den edo zerbitzu publikokoa izaten jarraituko duen, eta hori udalak erabaki beharko duela. Era berean, Fiskaltzaren aburuz, kasu honetan, Donostiako Udalak ez du legea saihesteko asmo deliberaturik eduki. Alonso Real Madrileko entrenatzaile gisa kaleratu zuten egun berean artxibatu zuten salaketa, urtarrilaren 12an.
Txalet “ilegala”
Gogoratu behar da 2024an txaleta eraikitzeko lizentzia bertan behera utzi zuela Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Igeldoko Ieltxo Kultur Elkarteak 2022an aurkeztutako salaketa baten harira. Horren arabera, txaleta eraitsi egin beharko litzateke. Epaiari errekurtsoa jarri zioten enpresak eta udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, eta ebazpenaren zain daude oraindik.
