Euskadiko Mediku Sindikatua medikuen estatu mailako greba mugagabera batuko da
Medikuen protesta, ospitalearen aurrean.Inaxio Esnaola Euskadiko Mediku Sindikatua (SME) otsailaren 16tik aurrera hasiko den mediku eta fakultatiboen greba nazional mugagabera batuko da, Osasun Ministerioak aurkeztutako Estatutu Markoaren zirriborroaren aurka.
SME, greba deitu duen batzordeko kidea da; batzorde hori, hala, honako erakundeek osatzen dute: Espainiako Mediku Sindikatuen Konfederazioa (CESM), Andaluziako Mediku Sindikatua, Metges de Catalunya, Madrilgo Mediku eta Goi Mailako Tituludunen Elkartea, Euskadiko Mediku Sindikatua eta Galiziako Fakultatibo Independenteen Sindikatua (O’MEGA).
Lanuzteak eta manifestazioak
Adostutako mobilizazio formatuaren arabera, grebak aste bateko iraupena izango du, hilean behin, otsailetik ekainera bitartean. Lehen fase horretan, lanuzteak aurreikusi dituzte otsailaren 16tik 20ra, martxoaren 16tik 20ra, apirilaren 27tik 30era, maiatzaren 18tik 22ra eta ekainaren 15etik 19ra.
Protesten hasiera gisa, sindikatuek manifestazio bateratua ere deitu dute Madrilen, otsailaren 14rako. Mobilizazio horretan, autonomia erkidego guztietako profesionalek mediku kolektiboaren prestakuntza, erantzukizun eta lan baldintza bereziak kontuan hartuko dituen estatutu propio baten beharra aldarrikatuko dute.
Deialdia egin duten erakundeek adierazi dute “elkarrizketarako prest” jarraitzen dutela, baina Osasun Ministerioari eta gainerako administrazio publikoei eskatu diete “beren eskumenak baliatzeko, lan baldintzak hobetzeko eta Osasun Sistema Nazionalaren jasangarritasuna bermatzeko”.
