Handiak, koloretsuak eta bihurriak; bada festarik auzoko jaiez harago
Ondo pasatzeko nahiarekin, buruhandiak eta erraldoiak lagun, Amarako Konpartsa sortu zuten Amara Berriko auzotar batzuek. Auzotik at, leku berrietara ireki nahi dute dantzatzeko gogoa.
Amarako konpartsako kide batzuk, buruhandiak lagun, Anoetan.Nagore Garmendia Taberna bateko terraza batean jaio zen ideia; barre artean, buruhandi eta erraldoien konpartsa bat sortzeko gogoa piztu zitzaien, beste batzuen artean, Iker Ugarteri (Gasteiz, 2002) eta Alai Cesterori (Amara, 2004). Amarako konpartsa jarri diote izena, dantzan atera dira kalera, eta ezagutu dituzte, honezkero, beste auzo eta herri batzuk.
Beste konpartsa batzuetako kide ziren lehendik, eta beraiena propio sortzeko ideiaren aurrean, aurrera egin zuten, zalantzarik gabe. Gustuko duten horri ekin, eta 16 eta 30 urte bitarteko 30 bat pertsonek osatzen dute, gaur egun, konpartsa. Auzotarrak, lagunak, interesa dutenak. Edozein da ongi etorria, edozeinek du ondo pasatzeko aukera hemen. Edozein adin edukita ere, ondo pasatzeko gogoa duen bitartean.
Amara Berritik mundura
Lau buruhandi —eta beste bat bidean, Olentzero handi bat– dituzte dagoeneko, eta txandakatzen joaten dira, denek disfrutatu ahal izateko. Aurreztutako sos batzuekin, dragoi bat eta apaiz bat dira, beste batzuen artean, erosi zituzten lehen buruhandiak; zergatia, ordea, oso sinplea da: grazia berezia egin zieten horiek. Gerora, auzoko elkarte batekin bat egin, eta erraldoiak erosi ahal izan zituzten; orain, hala, Basajaunek eta Marik laguntzen dituzte konpartsako buruhandiak, beren dantza guztietan.
Donostian ibiltzeaz gain, Iruñean eta Gasteizen ere izan dira, besteak beste. Hasieratik zekiten proiektua ez zela auzoan, Donostian, soilik geratzeko zerbait. Pailazoen ikuskizunetan parte hartu dute, minidiskoak antolatzen dituzte eta gizonen futbol ligako Reala-Osasuna partidan ere izango dira, Anoetan, beren pertsonaiak astintzen. Ez delako beharrezkoa jaiak izatea, ezer ospatzeko. Dantzatzeko. Buruhandiek eta erraldoiek ere badutelako bestelakoetan parte hartzeko adina erritmo: «Edozein aitzakia bilatzen dugu ateratzeko», azaldu du Cesterok.
Konpromiso soziokulturala
Mari eta Basajaun konponketa batzuetan murgilduta daude orain; horrek, lana, denbora eta dirua dakarrela azaldu dute: «Paperak egitea da honen guztiaren zailena; ogasuna, kontuak irekitzea… paper gehiegi dago, egiten dugunarentzat», dio Ugartek. Hala ere, ilusioz daude, otsaila hasierarako etxean dituztelako, berriz ere, beren erraldoi kutunak.
Halako hamaika konpartsa daude Euskal Herrian, baina, zerk desberdintzen ditu beraiek beste konpartsengandik? «Erotuta gaudela!», esan du Ugartek, indartsu. «Horrelakoak egiteko erotuta egon behar da, ondo pasatzeko gogoa eduki». Barrenak husteko modu bat da beraientzat, elkarrekin egon eta ondo pasatzekoa. Haurren bihurri aurpegiek ematen diete jolaserako indarra. Hori da, hein batean, zutik eta energiaz beterik mantentzen dituena.
Euskal Herriko kulturaren parte dira buruhandi eta erraldoiak, eta argi dute beraiek, kulturaren alde beren aletxoa jartzen dutela eurenak kalera ateratzen: «Jendeari gustatzen zaizkio, eta kanpotarrak badira, gehiago. Erraldoiek, bereziki, kuriositatea pizten dute, inoiz horrelakorik ikusi ez duen jendearengan», azaldu du Ugartek. «Kulturalki, identifikatzen gaituzte», gehitu du Cesterok. Hala, erraldoi festa handi bat antolatu nahi dute Amaran, Euskal Herri osoko erraldoiak gonbidatuta. Kulturari euren aletxoa jarri bai, baina Amara ezagutarazteko aukera paregabea ere iruditzen zaie. Auzoa egiteko. Kulturatik, etxetik eta Euskal Herri osoarentzat.

