Hasperen hilezkorra
Filma: Nouvelle Vague
Zuzendaria: Richard Linklater
Urtea: 2025
Herrialdea: Frantzia
Askok esango dute —eta arrazoi osoz, gainera— À bout de souffle (1960) txarto egindako filma dela: ulertezina, gramatika kaskar eta zaindu gabea duena. Ehundurak bistan dira, logika narratiborik ez da ageri, eta, ondorioz, harridura sentitzea normala da. Baina, esango banizueke inoizko pelikularik perfektuena dela? Hala uste du Richard Linklaterrek, eta miresmen handiz erabaki du berau aldarrikatzea. Mistizismoz blaitutako eta zinemaren historiako giltzarri den proiektu baten jaiotza eta paradigma berri baten hasiera jaso ditu, maitasun eta zintzotasun osoz, nostalgia izpirik gabe, erromantizismo merkea baztertuz.
Perfektua da Jean-Luc Godarden opera prima, hain zuzen ere, inperfekzioz ehunduta dagoelako. Hollywoodek inposatutako molde kanonikoak eta ideologia dominatzailea barneratu, eta arau guztiak apurtzen dituelako, kontzienteki, zinemaren hizkuntzaz hausnartzeko. Perfektua da, askatasun osoz egin den filma delako. Ekoizleen gaitzespenari axolagabetasunez aurre egin eta zuzendariaren beraren moldeei fidel egin den obra bakanetakoa da, produkzioaz, publikoaren erantzunaz, industriaren harreraz arduratu gabe. Eta duda izpirik duzuenok (ber)ikusi Nouvelle Vague. Erantzun posible guztiak aurkituko dituzue Linklaterren lanean, eta ulertuko duzue «gramatika kaskar eta zaindu gabeak» baduela zentzurik.
Filma AEBetan finantzatzeko ezintasunak Frantziara eraman du zinemagile estatubatuarra, eta bertan jardun du 1959ko Paris nahieran birsortzen, bere begirada propioa bermatuz. Zinema europarraren eta autore zinemaren mitorik kontsakratuena erretratatzeko ausardia behar da, eta emaitza ikusita, lasai har dezake azken hasperena, Michel Hazanaviciusek ez bezala —gogoratu Godard deseraikitzen saiatu zela The Redoutable-n (2017)—. Olatu berriko zinemagileen filosofia berreskuratu du Linklaterrek, bere filma 60ko hamarkadan egina balitz bezala jantziz. Garai hartako freskotasuna arnastuko du ikus-entzuleak, gaur egin ere zinema librea, purua, artistikoa eta arduragabea egiterik badela erakutsiz.
Aipamen, erreferentzia eta omenaldien festa da Nouvelle Vague: agertuko dira Cahiers du Cinéma aldizkariko kritikariak —Andre Bazin, François Truffaut, Claude Chabrol, Eric Rohmer—; baita Agnes Varda, Jacques Demy, Roberto Rossellini, Robert Bresson edota Jean-Pierre Melville zinemagileak ere. Nola ez, Raoul Coutard argazki zuzendaria, Georges de Beauregard ekoizlea, eta Jean-Paul Belmondo zein Jean Seberg protagonistak.
Baina ez dugu Guillaume Marbeck Godarden azalean ikusiko, ezta Aubry Dullin Belmondorenean edota Zoey Deutch Sebergenarenean ere. Haien mimesi gaitasunaren ondorioz, fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausotu egingo da, zinemaren eta bizitzaren arteko konbergentzia indartuz. Linklaterren kamerak etengabe erakutsiko digu jatorrizko planoen kontraplanoa, zuzendari suitzarraren estiloarekin sinbiosi poetikoa eraikiz. Horrela, À bout de souffle-ren making off arrunta izatetik urrun, aldaketa eta iraultza ontologiko baten ispilu fidelena bihurtuko da Nouvelle Vague. Bertan murgiltzea irribarrea partekatzea da, esperientzia kolektibo zoragarri baten parte izatea
