Udaltzaingoak bandera igoeran izandako jarrera salatu du Aske antolakundeak
2026ko bandera igoera, Plaza Berrian.Xalba Ramirez San Sebastian bezperan, hilaren 19an, Aske antolakundeko kide batzuk Independentzia – sozialismoa leloa zuen pankarta bat sartzen ahalegindu ziren Plaza Berrian. Ordea, hainbat udaltzainek galarazi egin zieten. Hori dela eta, ohar bat plazaratu dute udaltzainen jarrera eta “biolentziaren bidez egindako zentsura politiko saiakera” salatzeko.
“Plazako edukiera kontrolatzeko eta mugimendu handiak saihesteko, udaltzaingo asko jarri zituzten plazaren sarrera bakoitzean. Hauek, ordea, berezko funtzioa bete beharrean, plaza barrura generaman pankarta sartzea galarazi nahi izan zuten bultzatu eta kolpatuz”, azaldu dute.
Askek dio iaz ere “aldarrikapen politikoak sartzea” saihesten ahalegindu zirela: “Aurreko urtean aitzaki berdina oinarri hartuta bi pankarta sartzea galarazi nahi izan zuten bertan zeuden udaltzainek edo duela bi urte presoen aldeko pankarta bat zabaldu nahi izateagatik bi pertsona epaituak eta kondenatuak izan ziren”.
Banderaren mendeurreneko kartela
Antolakundeak mendeurreneko bandera ospatzeko Donostiako Udalak egindako kartela bere ere kritikatu du. “Ez da harritzekoa alkate berriak, alkate zaharrak egin moduan, bandera igoera ekitaldia aldarrikapen politikoz hustu nahi izatea. Izan ere, aurtengo kartelak ez du pankarta edo aldarri bat bera ere, errealitatean ordea kontrakoa gertatzen denean”.
Gertaturikoaren aurrean, Askek dio “borrokan eta antolakuntzan” jarraituko duela: “Izan ere, Donostiako egun handia festa eguna den modu berean, aldarrikapenerako eguna ere bada eta ez dugu onartuko erabat zilegi eta beharrezkoak diren aldarrikapen politikoak biolentzia polizialaren bitartez zentsuratzen saiatzea”.
