Felix Etxeberria zendu da
Intxaurrondoko kultur eta gizarte jarduera askoren bultzatzailea, auzo elkarteko kidea eta irakaslea izan zen.
Felix Etxeberria 'Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon' jardueraren aurkezpenean, 2017an.Estitxu Zabala Urtarrilaren hasieran hil zen Felix Etxeberria, 72 urte zituela. Intxaurrondoko bizilaguna zen, eta oso ezaguna zen auzoan, kultur eta gizarte jarduera askoren sustatzailea izan zelako.
Haren kide eta lagunek gogoratu dutenez Intxaurrondo.org blog kolektiboan, Intxaurrondoko Aste Bidaiariaren sortzailea izan zen, eta Ipar Haizea auzo elkartearen bidez, “bultzatzaile nekaezina”. Era berean, “inoiz geldirik egoten ez zen gizona” dela nabarmendu dute: “Eskuzabala eta beti ekarpenak egiteko prest. Felixek komunitatearen indarrean sinetsi zuen, eta bere denbora, bere gogoa eta bere bihotza eskaini zizkien auzotarrei. Hura ezagutu zutenek badakite inoiz ez zitzaiola faltan izan ideiak, gogoak eta konpromisoa”.
Euskararekiko eta kulturarekiko “zuen maitasuna” bizitzeko modu zuela gaineratu dute: “Hizkuntza defendatuz, tokiko kultura sustatuz eta besteek ere parte har zezaten bideak irekiz. Ekimen bakoitzean bere arrastoa utzi zuen, eta horregatik gaur Intxaurrondo aberatsagoa, bizkorragoa eta lotuagoa da”. Hain zuzen ere, Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon erronkarekin bat egin zuen, 2017an.
Bestalde, haren lagun bat hedabide honekin jarri da harremanetan Etxeberria nolakoa zen gogoratzeko: “Felix pertsona aparta izan zen. Beti prest elkarlanerako, jarduerak sustatzeko eta komunitatea sendotzeko. Bere lanari esker, gure auzoak tailerrak, jardunaldiak, topaketak eta kultur proposamen ugari gozatu zituen, pertsona askorengan arrasto sakona utziz. Zorionekoak izan gara ezagutu dugunok, eta asko faltan botako dugu”.

