Artxibatu egin dute frankismoak eraildako 24 udal langileen memoria berreskuratzeko kereila kriminala
Donostiako Instrukzio epaitegian aurkeztu zuten kereila, 2023an. Argazkian ageri dira, ezkerretik eskuinera, Garbiñe Alkiza, Nekane Burutaran, Ane Oiarbide, Pilar Pingarron, Eneko Goia, Mikel Pascual, Aitzole Araneta eta Markel Ormazabal.Inaxio Esnaola Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak baztertu egin du Donostiako Udalak 2023an aurkeztutako kereila kriminala, 1936ko gerraren bueltan frankismoak eraildako 24 udal langileen memoria berreskuratzea xede zuena. Eldiario.es hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, auzitegiak ontzat eman du Donostiako Instrukzio epaitegi batek kereila artxibatu izana, eta, beraz, momentuz, bidea itxi dio kereilari.
Aipaturiko hedabideak azaldu duenez, auzitegiaren autoan hainbat gai argudiatzen dira artxibatzea justifikatzeko, hala nola balizko delituen preskripzioa, araudi modernoak aplikatzeko ezintasuna edo 1977an amnistia bat ezarri izana.
2022ko erabakia
Udalak 2022ko abuztuaren 2an erabaki zuen kereila bat jartzea Donostiako epaitegian, erregimen frankistak udaleko langileen eta kargu publikoen bizitzaren aurka egindako krimenengatik. Era berean, Aratz Estomba abokatuaren bulegoaren laguntza teknikoa kontratatu zuten. Eskuragarri dagoen informazio guztiak bildu ondoren, gaur 24 kasu horien inguruko kereila da aurkeztu dutena.
Hauek dira frankismoak eraildako 24 udal langileak: Angel Garcia Abalde, Ignacio Aramendi Laca, Jose Arrizabalaga Pildain, Miguel Artola Iraola, Miguel Aiestaran Giordia, Saturio Burutaran Ormazabal, Vicente Catediano Fernandez, Ignacio Maria Eguilegor Zugasti, Jose Maria Fernandez Jauregi, Fulgencio Frechilla Chico, Luis Iglesias Ansaño, Jose Isasa Azkue, Ceferino Martiarena Rekondo, Cirilo Navalon Ruiz, Paulino Peñalva Bartolome, Jose Perez Quintana, Toribio Simon Arruti, Domingo Sorondo Martinez, Jose Sorozabal Esnaola, Anastasio Tulebras Pascual, Jose Ugarte Sanchez, Ramon Ulacia Arkotxa, Millan Zabala Fernandez eta Jose Zubiarrain Zabaleta.
Donostia 1936-1945
Donostiako Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko elkarlanari esker, 36ko gerraren eta frankismoaren biktima izan ziren donostiarrei buruzko informazioa biltzen eta sistematizatzen hasi ziren 2017. urtean. Udalerritik kanpo ere errepresaliatu zituzten donostiarrei buruzko informazioa ere jasotzen ari dira. Lan horren emaitza da Donostia 1936-1945 proiektua, memoria historikoa berreskuratzeko eta garai hartan hirian eta donostiarren aurka gertatu zen giza eskubideen urraketen berri emateko. 2019ko apirilean aurkeztu zuten egitasmoaren webgunea.
2020an, Memoria Historikoaren Kontseilu Sektorialaren barruan, lantalde bat eratu zen, artxibo horietan udal langileen kasuak aztertzeko eta sailkatzeko, eta horietatik zein auzitara eraman zitekeen zehazteko. Lan horren emaitza gisa, txostenak aurkeztu ziren, eta horietan lantaldeak hautatutako 24 kasuren zerrenda jaso zen. Zerrenda horretan, urraketak jasan eta horien ondorioz hil ziren funtzionarioen eta udalbatzako kideen izen abizenak ageri dira.
2022ko ekainean, Udalak Jacinto Lara Bonilla abokatuaren esku jarri zuen hautatutako kasu horiei buruzko informazioa, Argentinako Errepublikako Buenos Aireseko Krimen eta Zentzagarritasun Federaleko 1. Epaitegi Nazionalaren (Argentinako Errepublika) 4591/2010 Kereilaren autoetan aurkez zezan, dagokion moduan. Aldi berean, beharrezko izapideekin jarraitu zen, 24 kasu horien inguruko kereila kriminala Donostiako instrukzio epaitegian aurkezteko.


