Bera Bera eskubaloi taldea saritu du Sabino Arana Fundazioak
Sabino Arana Fundazioaren arduradunak eta sarituak. Sabino Arana Fundazioa Urteroko legez, Sabino Arana Fundazioak izen bereko sariak banatu zituen atzo Bilboko Arriaga antzokian; eta horietako bat Bera Bera eskubaloi taldeak jaso zuen. Aintzatespenak gizarteari eskainitako zerbitzua, Euskadirekiko konpromisoa eta, besteak beste, berdintasunaren, bakearen eta aurrerapen partekatuaren defentsagatik nabarmendu diren pertsona eta erakundeak aitortzen ditu.
Emakumezkoen eskubaloiaren erreferente den taldeko presidente Tati Garmendia eta Alba Menendez kapitain ohia izan ziren ekitaldian, eta tituluez harago, eskubaloi taldeak oinarri dituen balioak nabarmendu zituzten. Garmendiaren hitzetan, kluba “ezagunagoa da gauzak egiten dituen moduagatik lortu dituen tituluengatik baino gehiago” eta jardunbide horretan talde lana, konpromiso kolektiboa eta aukera berdintasuna azpimarratu zituen. Mendezek, berriz, aitortu zuen Bera Beran aritzea «bizitzako eskola» izan dela, kirolaz haratago ikasbidea.
Gainerako sarituak UNRWA agentzia, Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohia, Eduardo Anitua medikua, Enrike Zelaia musikaria eta Etxeondo enpresa izan ziren. Fundazioko presidente Arantxa Tapiak banatu zituen sariak eta azaldu zuenez, sarituak oso bestelakoak izanik ere, aitortutako ibilbideak gauza batek batzen dituela: Gizarteari eskainitako zerbitzua eta Euskadirekiko konpromisoa.
