Bertan behera geratu da Uliako krosa, haizeagatik
Herri Ametsa Talaia Krosa antolatu dute zortzigarrenez. Hilaren 25ean egitekoa zen, hamargarrenez, Herri Ametsa ikastolak antolatutako Uliako krosa, baina bertan behera geratu zen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak haizeagatik ezarritako alerta laranja dela eta. Erabakiak proba nagusiari zein kross txikiari eragin zion.
Antolatzaileek azaldu dutenez, erabakia hartu aurretik Euskalmetekin, suhiltzaileekin eta Ertzaintzarekin kontsultatu zuten, eta “parte-hartzaileen, ikusleen eta boluntarioen segurtasuna bermatzea” izan da irizpide nagusia.
Ikastolak adierazi du erabakia hartzea “ez dela erraza izan”, baina ulermena eskatu die kaltetuei, iragarpenen arabera kostaldeko eremuetan haize boladek orduko 120 kilometroak gaindi zitzaketelako.
Bigarren data bat
Antolakuntzak, hala, bigarren data bat jartzeko asmoa azaldu du: datorren igandean, otsailaren 1ean, ibilbide eta ordutegi berarekin. Hala ere, beharrezko baimenak lortu beharko dituzte, eta datorren astean baieztatuko dute proba egun horretan egingo den ala ez.
Bestalde, lasterketan parte hartzeko 300 plazetako bat lortu zuten pertsonek izen-ematearen diru itzulketa eskatu ahal izango dute bigarren data horretan parte hartu ezin edo nahi ez badute, bai eta poltsa jaso duten baina parte hartu ezin dutenek ere. Horretarako, antolakuntzak jakinarazi du helbide honetara jo behar dutela.
