Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. plana osatu du udalak
Ane Oiarbide Berdintasun zinegotzia.Donostiako Udala Donostiako Udalak biharko Tokiko Gobernu Batzordean onartuko du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana 2026-2029. Ibilbide orri estrategiko horrek azken urteetan lortutako aurrerapenak sendotzen ditu, eta beste urrats bat ematen du berdintasunaren alorreko erronka berriei ikuspegi feministatik, zeharkakotik eta intersekzionaletik aurre egiteko.
Berdintasuneko zinegotzi Ane Oiarbidek azaldu duenez, “plan berri honekin, Donostiak berdintasunarekin duen konpromiso sendo eta berritua berresten du, emakumeen bizitza hobetuko duten eta herritar guztientzat bidezkoagoa, seguruagoa eta inklusiboagoa den hiri baten aldeko politika publiko eraldatzaileak bultzatuz”.
Plana 2024an eta 2025ean garatutako ebaluazio eta kontraste prozesu zabal baten emaitza da. Prozesu horretan udaleko teknikariek eta politikariek, enpresa eta erakunde publikoek, elkarte feministek eta gizarte eragileek hartu dute parte. Bere helburu nagusia da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna politika publikoen erdigunean jartzea, eta modu eraginkorrean txertatzea udal gobernantzan, plangintzan, kudeaketan eta komunikazioan.
Bost jarduera gune nagusi
Bosgarren plana elkarren artean lotuta dauden bost espazio handitan egituratzen da. Espazio horiek ekintza instituzionala eta eraldaketa soziala hartzen dituzte:
- Gobernu onak, planaren oinarri gisa, gobernantza feminista eta genero zeharkakotasuna indartzen ditu udal-jarduera osoan. Hainbat neurri biltzen ditu, hala nola Berdintasunerako Ordenantza bultzatzea, Berdintasun Saila indartzea, langileen derrigorrezko prestakuntza, genero-ikuspegidun aurrekontuak eta kontratazioan eta diru laguntzetan berdintasun-klausulak txertatzea.
- Emakumeen Etxea eta lidergo feminista, Emakumeen Etxea ahalduntzeko, parte hartzeko eta politika feministak sortzeko gune nagusi gisa sendotzen duena. Planak emakumeen aniztasunera egokitutako arreta koordinatuaren, zerbitzuen eta tailerren alde egiten du, eta erreferente eta lidergo feministak sustatzen ditu hirian.
- Espazio seguruak, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko. Eremu horrek ikuspegi feminista integral batetik —fisikoa, emozionala eta digitala— heltzen dio segurtasunari, eta autodefentsa feminista, prebentzioa, biktimei laguntzeko baliabideen hobekuntza eta hirigintza feminista bultzatzen ditu, auzo eta espazio publiko seguruagoak eta inklusiboagoak sortzeko.
- Espazio iraunkorrak, berdintasun politiken jarraitutasuna, koherentzia eta eraginkortasuna ziurtatzea helburu dutenak. Udalaren eta bere enpresa eta erakundeen arteko lankidetza sareak indartzen dira, ezagutza kolektiboa balioesten da eta berdintasuna sortzen duen komunikazioa bultzatzen da, tresna berriekin, hala nola kanpaina eta formatu berritzaileekin.
- Intersekzio espazioak, intersekzionalitatea Planaren berezko ardatz gisa kokatzen dutenak. Helburua begirada hori modu praktikoan aplikatzea da, kontuan hartuta generoa beste faktore batzuekin gurutzatzen dela, hala nola adinarekin, jatorriarekin, dibertsitate funtzionalarekin, sexu orientazioarekin edo genero identitatearekin, eta politika inklusiboak garatuz, bereziki LGTBIQ+ eremuan eta udal ekipamenduetan.
Helburu argiak eta etengabeko jarraipena
Oiarbidek azaldu duenez, planak “helburu eta adierazle zehatzak” ezartzen ditu: “Besteak beste, udal aurrekontuaren %1 gutxienez berdintasunera bideratzea, udal langileen gaikuntza nabarmen handitzea, berdintasun eta indarkeria egiturak indartzea, Emakumeen Etxe berriaren proiektuan aurrera egitea eta berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko etengabeko komunikazioa sendotzea”.
Gainera, bosgarren planak urteko kudeaketa, jarraipen eta ebaluazio sistema bat du, gardentasuna, kontuak ematea eta herritarren parte hartzea bermatzen dituena, Berdintasunerako Kontseilu Sektoriala eta beste koordinazio gune batzuk gisako organoen bitartez.


