Herrerako kaleratzearen harira, «aurreikuspena eta begirada osoa» eskatu ditu EH Bilduk
Goizean goizetik, Ertzaintzak itxita zuen Herrerako pabiloien gunea.Beñat Parra Ertzaintzak astelehen goizean Herreran gauzatu duen kaleratzearen harira, bere irakurketa argitaratu du EH Bilduk: “Unean uneko kudeaketaz harago, gai honek aurreikuspena eta begirada osoa behar ditu. Horregatik eskatzen dugu Gizarte Zerbitzuen erakunde arteko organoa bildu dadin. Hau da, dauden markoak baliatzera dei egiten dugu. Gogorarazi behar dugu iragan abenduan formalki EH Bildutik Gizarte Zerbitzuen erakunde arteko organoa biltzeko eskaera egin arren, momentuz ez dugula erantzunik jaso”.
Ildo beretik, kritiko agertu da udal gobernuarekin: “EH Bildutik, gure ardura izan da udal gobernuari planifikazioa eta koordinazioa exijitzea, eta hala egin dugu. Zentzu honetan, hirugarren sektorearen ikuskaritza eta parte hartzea eman behar zirela uste dugu. Esan behar dugu, tamalez, ez dela horrela izan”. Era berean, “zalantzan” jarri dute “‘Martutene eredua’ kontzeptu gisa erabiltzea, orduko operazioak ere izan zuelako zer hobetu”: “Martutenen eman ziren baldintza batzuk Herrerako kasuan ez dira ziurtatu; hirugarren sektoreko langileen parte hartzea, adibidez, ez da eman”.
Goizean hustu duten pabiloian 31 pertsona bizi zirela azaldu dute orduotan kale egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten hainbat gizarte eragilek, baita salatu ere udalak horietako zazpiri soilik eman diela aterpe. Horren harira, EH Bilduk eskatu du “oraindik deia jaso ez duten pertsonak kontaktatzeko ahalegina egitea”.
“Aurreikuspena”
Gaurko kaleratzearekin, hala ere, ez da bukatuko Herrerako Zardoya Otis eremuko afera, izan ere, guztira 100-200 lagun bizi dira bertako bost pabiloi degradatuetan, eta Jon Insausti alkateak horietako hiru eraisteko agindua eman du berriki, bertan 400 bat etxebizitzako hirigintza proiektu bat baitago aurreikusita. Horrela, “aurreikuspenez lan egitera, planifikatzera eta etorriko denari aurre hartzera” deitu du EH Bilduk udal gobernua: “Eraisketa datarik gabe iragarri eta titular huts batean uzteak ziurgabetasuna baino ez dio eransten”.
Horrela, oposizioko taldeak “prestutasuna” adierazi du udal gobernuarekin auzi honetan elkarlanean aritzeko, “betiere, aipatutako baldintzak ematen badira: planifikazioa, aurreikuspena eta herritarren duintasuna”.


