Loiolako kuartel berria hipikan eraikitzea onartu du Espainiako Defentsa Ministerioak
Loiolako hipikaren eremuko artxiboko irudia.Loiolako Hipikaren Erabiltzaileen eta Lagunen Elkartea Espainiako Defentsa Ministerioak onartu egin du bere armadaren Donostiako kuartel berria Loiolan bertan eraikitzea, egungo hipikako lursailean. Aspaldiko ustea zen hori, eta hala baieztatu du astelehen honetan argitaratutako Espainiako Aldizkari Ofizialak, Margarita Robles Defentsa ministroaren sinadurarekin.
Gogoratu behar da hipika egungo kuartelen parean dagoela, Urumea ibaiaren beste aldean, eta lursaila Defentsa Ministerioarena dela. Ministerioak iazko urrian argitaratu zuen kuartel berriaren proiektuaren inguruko baldintzen plegua, 5,25 milioi euroko lizitazio aurrekontuarekin.
Lau urte
Ia hiru urteko atzerapenarekin, Donostiako Udalak eta INVIED Espainiako Defentsako Etxebizitza, Azpiegitura eta Ekipamenduko Institutuak Loiolako kuartelen lursailaren salerosketaren eskriturak sinatu zituzten iazko uztailean, eta egun horretatik zenbatzen hasita, militarrek lau urte dituzte gunea uzteko. Bitartean, udalak bertan garatuko duen hirigintza proiektua idatzi beharko du, besteak beste, 1.500 etxebizitza inguru aurreikusten dituena. Udalak 73,3 milioi euro ordaindu ditu eremuarengatik.
